Mogel Isasiko ikasleek 'Isaskara' musikala aurkeztuko dute ostiralean Coliseoan

Manu Goiogana, Jokin Bergara, Andrea Covadonga eta Josu Mujika./
Manu Goiogana, Jokin Bergara, Andrea Covadonga eta Josu Mujika.

F.M. EIBAR.

Ikasturtearen bukaera hilabete pare baten bueltan dago, baina ez da nolanahikoa izan aurtengoa Mogel Isasi Institutoan. Eibarko Eskola maparen eraldaketak garai berriak ekarri zituen irailean eta horien aurrean eszenatokia bihurtu da elkargune. DBHko ikasleek 'Isaskara' izeneko musikala aurkeztuko dute ostiralean 18:00etan Coliseo Antzokian. 'Isasiko lurrikara' izango da antzerkia, dantza, kantua, umorea eta drama elkartuko duen ikuskizuna.

Musikala publiko orori zuzenduta dago eta oraindik ehun bat sarrera geratzen dira Coliseoko leihatilan 8 eurotan. «Esperimentu dibertigarri honekin umorez kutsatuko dira bertaratzen diren ikusle guztiak» diote antolatzaileek. Proiektua Mogel Isasi-ko Guraso Elkarteak sortu zuen, ikastetxea bera, Eibarren Akebai eta Udalaren laguntzarekin.

«Auzoetako ikastetxe txikien babesean hazitako umeak zentro handiago batean kokatzean, jatorri eta kultura desberdinen elkarbizitza bideratzea lehentasunezko egitekoa izango da, eta norabide horretan, komunitatea egin, trinkotu eta artikulatzeko tresna eraginkorra izan daiteke musikal baten ekoizpenean inplikatzea gazteak» azaltzen dute. Horri helduta, Hauspoa programaren barruan antolatzen diren tailerrak eta ikastaroak musikalera zuzendu ziren.

Horretarako arte eszenikoetan aritutako profesionalen laguntza izan zuten gazteek. Andrea Covadonga aktoreak hartu zuen interpretazio eta kantuen ardura, Josu Mujika koreografoak dantza alorra gidatu du eta Jokin Bergara bertsolariak gidoia prestatzeko tailerra zuzendu du. Horrez gain hainbat irakasle eta gurasok lagundu dute ikuskizunaren prestatze lanetan.

Saharar lurraldetik etorria

'Isaskara' musikalean ikasleek izan dute ardura nagusia eta horregatik beraien ikuspuntutik egindako lana da. Saharar lurretatik iritsitako neskatila bat da protagonista. Isasira ailegatzean zer gertatzen zaion, ingurukoek nola hartzen duten, bertako ohiturak nola deskubritzen dituen eta beste kontu ugari azalduko du musikalak.

Ikasleen inplikazioa ezinbestekoa izan da berritzailea den proiektu honetan. Horregatik antolatzaileek elkarlanaren abantailak azpimarra-tzen dituzte. «Ikasleen sorkuntza gaitasuna eta arte tradizio ezberdinen lanketa garatzeaz gain, euskaraz topaleku dibertigarria izan dute gazteek, eskola orduetatik kanpo, bestelako kontuak ere euskaraz egin daitezkeela ikusiz eta frogatuz».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos