Miren Narbaiza: «Napoka Iriaren esentzia jasotzeko asmoa daukagu, ea lortzen dugun»

Miren Narbaiza eta Ander Mujika Coliseo Antzokian emandako aurreko kontzertuan.
Miren Narbaiza eta Ander Mujika Coliseo Antzokian emandako aurreko kontzertuan. / FÉLIX MORQUECHO
Miren Narbaiza (Napoka Iria)

Napoka Iria taldeak bere agur kontzertua eskainiko du bihar, ostirala, arratsaldeko 20:30ean beteta egongo den Coliseo Antzokian

FÉLIX MORQUECHOEIBAR.

Zazpi kilometroko tartean mugitzen den taldea da Napoka Iria, Elgoibar eta Eibar elkartzen dituztenak. Orain dela hamabi urte martxan jarri zen proiektua, eta denbora honen ostean amaierako eguna ailegatu zaie. Ander Mujika, elgoirbartarra eta Miren Narbaiza, eibartarra: bien artean Napoka Iriari bukaera ematea erabaki dute, presa eta presiorik gabe, agurra bihar bertan izango da, arratsaldeko 20:30ean Eibarko Coliseo Antzokian, aurrean 400 irribarre topatuko dituztelarik (atzo 60 bat sarrera geratzen ziren salgai soilik).

-Lehenengo galdera derrigorrezkoa da, zergatik desegiten da taldea?

-Orain dela bi urte inguru atseden bat hartzea erabaki genuen. Azken diskoarekin topera ibili ginen eta momentu horretan gorputzak etenaldi bat eskatzen zigun. Bi urte hauetan gauza batzuetan egon gara lanean elkarrekin, eta beste batzuetan berriz, bakoitza bere aldetik ibili gara musikaren munduan. Denbora pasatu eta gero, berriz elkar- tzerakoan konturatu ginen ez geundela lehengo puntuan. Pentsatzen hasi ginen ea zer ote zen, sentsazioren bat edo bukatzeko itxura zuen... Barrukoari entzuten hasi ginen eta konturatu ginen amaitu behar zela, ez diogu eutsi nahi izan, ezta airean utzi ere. Ez genuen gero mamuak bueltatzea nahi eta ixtea nahiago genuen.

«Hemen pila bat jo dugu, kanpora joan gara, jende pila ezagutu, areto guaiak»

-Baina azken emanaldi bat antolatu duzue, zerbait berezia.

-Bai. Ixteko, ekitaldi bat egin nahi genuen, amaiera eman behar zaiolako. Guk behintzat horrela senti-tzen dugu. Beste aldi batean elkarrekin jo nahi dugu, bai guregatik bai gure jarraitzaile izan direnengatik ere. Nik, beraien lekuan jarrita, eskertuko nuke gustatzen zaidan talde bat berriz entzuteko aukera izatea.

-Coliseo Antzokian, leku ezaguna zuentzat.

-Beste bi alditan jo dugu bertan eta oso gustora egon gara. Eibarren izateak badauka bere pisua, etxean sentitzen gara. Gure ingurukoentzat ere erosoa da joatea eta antzoki bat izateak publiko zabalago batera ireki-tzen gaitu. Edukiera aldetik oso ondo dago eta ez genuen nahi etorri nahi zuen inor kanpoan geratzea. Uste dut ondo aukeratu dugula.

-Sarrera gehienak saldu direlako.

-Bai, pasada bat. Horregatik, etorri nahi duenak posible izango du eta ez zaigu handiegia geratu. Bertakoak, Coliseoko langileak , oso jatorrak dira, oso pozik gaude.

-Zer kontatu daiteke emanaldiari buruz?

-Gure ibilbideari errepaso bat prestatu dugu, zahar zaharrenetatik, maketatik, gure azken diskoko kantuetaraino. Bi zati edukiko ditu kon-tzertuak eta bigarrenean hainbat lagun musikari etorriko dira gurekin jotzera. Napoka Iriaren esentzia jasotzeko asmoa daukagu, ea lortzen dugun.

-Hamabi urteko ibilbidea, bi disko...

-Bai, bi luzeak, 'Lehertarazi edifizioak' eta 'Arnasten ikasteko berriz'. Horren aurretik sei kantako maketa bat atera genuen, gero beste bat hiru kantekin eta egin ditugu ere hainbat kolaborazio beste musikariekin, dokumental batekin...

-Eta hamarkada luze bateko ibilbide horretatik zerekin geratzen zara?

-Zaila da esatea epe luzea izan delako. Alde batetik, geratzen naiz Ander ezagutu izanarekin, nire bidailaguna, bidea elkarrekin egin dugu eta. Oso pozik geratzen naiz bera ezagutu izanaz eta berarekin batera bizi dugun guztiaz. Pentsa hemen pila bat jo dugula, kanpora ere joan garela, jende pila ezagutu dugula, antolatzaileak, kriston areto guaiak, gaztetxeak... esperientzia handia izan da eta dena daukat buruan. Egia da agian goiz dela, baina Napoka Iriarekin asko ezagutu dudala uste dut, horregatik esperientzia guztiarekin geratzen naiz.

-Orain entzuten ez gaituztela, zer da Napoka Iria?

-Benetan? Ez dakizu? (barrez) Ematen du istorio zoragarri bat egongo dela baina kontua da Errumaniako hiri bat dela, Cluj-Napoca. Ander bertan egon zen ikasten eta handik hartu genuen izena. Beti egoten gara esaten gezurretako istorio bat asmatu behar dugula baina ez gara ausartu.

-Garai bat ixten duzue aste honetan, baina musika ez da hemen bukatzen zuentzat.

-Ez. Ander badabil Anari-rekin taldean jotzen, gero Jabier Muguruzaren diskoan parte hartzen ari da, eta badabil musikaren beste aldean ere. Kontratazio bulego bat dauka Narvale deitzen dena eta soinu teknikari bezala aritzen da ere zuzenezkoetan. Eta ni nire aldetik Joseba B. Lenoir-ekin nabil jotzen, Zarauzko talde batekin ere, Drumkopters dei-tzen dena eta abuztuan nire bakarkako diskoa grabatzeko asmoa dut.

-Abuztu honetan?

-Bai, ai ama! Hilabete bat geratzen zait. Horregatik musikarekin jarrai-tzen dugu biok, topera!

Fotos

Vídeos