Josu Ozaita eta Jaime Altuna: «Esanguratsua da Eibarko kasua ospakizun diferenteak biltzen direlako»

Josu Ozaita eta Jaime Altuna Eibarren egon ziren beraien emaitzak aurkezteko./FÉLIX MORQUECHO
Josu Ozaita eta Jaime Altuna Eibarren egon ziren beraien emaitzak aurkezteko. / FÉLIX MORQUECHO

Aurreko Juan San Martin Bekaren esleipendunen ikerketa datorren urtean argitaratuko da

FÉLIX MORQUECHOEIBAR.

Aurtengo Juan San Martin Beka hutsik geratu da. Berria, aurreko edizioko ikerketa bukatuta dagoenean ailegatu da. Josu Ozaita eta Jaime Altuna antropologoak 'Halloween edo Arimen Gauaren ospakizunen inguruan Euskal Herrian eman den bilakaera eta partaideen diskurtso, bizipen eta praktiken azterketa' izeneko ikerketa jorratu zuten. Bertan azken urteetan ematen ari diren aldaketak islatu dituzte. Portalean egon ziren hitzaldi bat emateko eta datorren urtean beraien emaitzak ikusgai egongo dira, bai paperean, bai internet-en bidez.

-Zein egoeran daude Arima Gauaren ospakizunak? Ezinezkoa da atzera egitea eta Hollywoodetik etortzen den jai hau aldera uztea?

-J.A.: Guk ikerketa honetan ikusi duguna da Halloween, Arimen Gaua, Gau Beltza eta beste batzuk ospatzeko modu desberdinak daudela. Hemen ere, Euskal Herrian, gaur egun badaude modu desberdinak, Eibarren ere. Topatu ditzakegu egun honen inguruko datetan gauza ezberdinak eta modu ezberdinak ospatzeko. Gero, egia da ospakizunak jatorri oso antzinakoa daukala eta europearra. Zeltiarren jaia da, eta haiek Europan zabaldu zuten. Estatu Batuetara Irlandar etorkinen bitartez zabaldu zen. Egia da Estatu Batuetan jai hau erabili dutela amerikar identitate hori indartzeko, eta hortik, joandakoa bueltan etorri zaigu. Azken urteetan egia da saiakerak egiten ari direla hori berreskuratzeko, XX. mendearen hasieran gure aitona-amonek erabiltzen zuten elementuak hartuta. Hortan gaude. Ikusi dugu oso momentu interesgarrian gaudela. Ameriketatik Halloween izenarekin datorren olatu horren aurrean erreakzio bat sortu da eta gauza interesgarriak sortzen ari dira.

-Aldaketa momentua. Zer nolako indarrarekin sortzen ari dira ospakizun hauek?

-J.O.: Esan behar dago orain dela larogei urte gure aitona-amonek egiten zutena zela kalabazak hartu, hustu, buru forma eman, kandelak piztu eta izkinetan jarri jendea beldurtzeko. Bihurrikeri bat zen, ez ospakizun bat, jolas moduko zerbait baizik. Gaur egun esanguratsua da Eibarko kasua, ospakizun diferenteak biltzen direlako. Joan den urteko urriaren 31n hemen ibili ginen eta ikusi genuen El Corte Inglés-en Halloweeneko mozorro desfile bat ospatu zutela. Kalera atera eta ikusi genuen ume talde txikiak ari zirela eskean, etxebizitzaz etxebizitza eta batez ere komertzioz komertzio, eta gero ikusi dugu eskoletan ere lantzen dela. Iturburun adibidez Arimen Gaua egiten dute eta bertan beldurrezko historiak kontatzen dituzte, jolasak, itzalekin ere... eta gero Eibarko baserri auzune baten egiten dute esker ona bat bezala, pare bat urte daramate egiten. Mozorrotu egiten dira guraso eta haurrak, baserriz baserri joaten dira eta ematen dizkiete gailetak eta gozokiak. Hau ere alternatiba moduan jaio da, beste baloreak dauzkalako.

-Kanpotik etorritako jaiei kontra egiteko, debekatu ordez alternatibak sortzen ari al dira?

-J.A.: Bai, horrela gertatzen da. Zenbait gauza globalizatzen dira baina globalizazioaren efektu bat da lokala ere indartu egiten dela. Hemen ikusten ari gara herri ezberdinetan gauza desberdinak antolatzen hasi direla eta nolabait horiek ere zabaltzen ari dira. Egon ginen behaketa bat egiten Oiartzunen egiten duten Gau Beltzaren ospakizunean. Iaz izan zen hirugarren urtea bertan baina aurreko urtean joan ziren Pasaiako batzuk ikustera eta iaz ere bertan antolatu zuten. Iaz gu han geundela bazegoen mutil bat Aretxabaletakoa ere, ikusten, eta badakigu aurten ere Aretxabaletan antolatu dela. Gero Irurtzundik ere etorri zaigu nahia horrelako gauzak antolatzeko... Behin gauzak aktibatzen direla zabaldu egiten dira. Egia da gero festa bakoitzean testuingurua aldatu egiten dela. Batzuk kalabazarena hartzen dute, beste batzuk hemen ikusi ez diren gauzak integratu egiten dituzte... Gure ustez Nafarroako herri batzuetan azaroaren 1ean mantendu den tradizioa oso interesgarria da, eske errondak egitearena gozokiak eskatuz, egunez. Eten ez den eredu bat da. Oso herri txikietan mantendu da baina oso interesgarria da.

-J.O.: Aipatu behar da Eibarren ere gaztainerre eguna daukazuela, Arimen ondra eguna. Nahiz eta indarra galtzen joan badu arima gauarekin zerikusia.

-Ez dakit herri txiki eta handien artean desberdintasun handiak dauden baina merkatuak eskaparate handiak erabiltzen ditu.

-J.O.: Bai erabiltzen dela Halloween helburu merkantilista batekin. Ikusten dugu Port Aventura eta Senda Vivan, El Corte Inglés ere hor sartuko litzateke eta zenbait komertzio eta tabernak... baina Halloween ospatzen duten umeek mozorroak armarioetatik ateratzen dituzte. Iñauterietako mozorroak jarri, gehien bat sorginak eta heriotza, eta gero jende asko gurasoen kamisetak hartu eta moztu, aurpegia margotu, ilea harrotu eta mozorrotuta daude. Ez dute diru askorik gasta-tzen festa hori ospatzeko.

-J.A.: Iruditzen zitzaigun merkataritza puntu hori ez da hainbestekoa. Beste edozein jai, inoiz hartu ez duguna kontsumista bezala, gehiago dute Halloween-ek baino. Egon ginen mozorro denda handi batean galdezka eta erantzuna zen gauza asko dituzteka egun horretarako baina saldu, oso gutxi saltzen dela, ez duela zerikusirik iñauteriekin. Elementu hori ez dugu hain garbi ikusi.

-Zein da adina klabea, umeak, gazteak?

-J.A.: Nire ustez horrelako kultur fenomenotan adin guztiak kontuan hartzen dira edo bestela zaila da. Askotan pentsatzen dugu «haurrak hartuko ditugu lehenbailehen zer horiekin aldaketa lortuko dugu», baina nire ustez aldaketa ematen da belaunaldi batean denok batera, edo bestela oso zaila da. Haurrengan botere bat badaukagu, modu batean kontrolatu ditzakegu, baina iritsiko da momentu bat beraiek handiagoak direnak imitatu nahi izango dutela eta hor... Batera egiten da edo zaila da.

-Baina hainbeste aldaketekin, hemendik hamar urtera...

-J.A.: Printzipioz jarraituko dugu begiratzen zer ospatzen den, momentu polita da gai hau aztertzeko.

-J.O.: Bai, alde oso erakargarriak ditu, mozorroak dauzkazu, iluntasunean ibiltzea, lagunartean, sustoen emozio horrekin...

-J.A.: Eta polita da... Askotan ez dugu aukera fenomeno kultural bat nola sortu den eta orain aukera hori dugu, ikusteko nola aldatzen ari den, nola sortzen ari diren gauza berriak.

-J.O.: Ezin dugu ahaztu hasieran ekintza hauek hemen ez zirela jaiak, bihurrikeri kutsu gehiago zutela.

-Zer suposatu zuen zuentzat Juan San Martin bekak?

-J.O.: Antrolopogia gradoa egin genuen biok eta bekak aukera eman digu ikerketa egiteko, urte eta erdiko lana, nahiko luzea dena.

- J.A.: Ez da erraza antropologia arloan lan egitea eta horrelako ikerketan egitea diru baten truke. Horregatik aukera polita izan da buruan genuen gai bat ikertzeko, interesgarria iruditzen zitzaiguna eta momentu honetan interesa zuena. Gainera ikusi dugu luzeago joan daitekela, aurreikusitakoa baino behaketa eta elkarrizketa gehiago egin ditugu. Aukera polita!

Más

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos