Igor Markaida (Diseinatzaile grafikoa): «Enpresaren nortasuna argi izan gabe zaila da ezer komunikatzea»

Markeskua. Igor Markaida UEUko ikastaroetako atsedenaldi batean.
Markeskua. Igor Markaida UEUko ikastaroetako atsedenaldi batean. / FÉLIX MORQUECHO

Ezagutzaren hainbat arloetako gaiak jorratzen ari dira aste honetan Eibarren, UEUko udako ikastaroei esker

FÉLIX MORQUECHOEIBAR.

Markeskua jauregia jendez gainezka dago aste honetan. Udako Euskal Unibertsitateak hamar ikastaro antolatzen ditu bertan, hainbat gai jorratuz. Horietako bat 'Ikus-komunikazio eraginkor bateko gakoak' izenekoa da. Bertako irakaslea den Igor Markaidak edukiaren tanta batzuk azaldu dizkigu.

-Zein da ikastaroaren helburua?

-Nire eguneroko jardueran beti ikusten ditut arazo berberak. Askotan ikus komunikazio kanpaina batean aldez aurretik hartu beharreko erabakiak ez dira hartu. Marketinean oso argi dute produktu bat ez dela bakarrik gauza bera, baizik eta inguruan dituen arlo guztiak, bezeroa, bere profila, prezioa, etabar. Hemen gauza bera gertatzen da, komunikazio eraginkor bat izateko argi izan behar dugu zer nahi dugun komunikatu, nori nahi diogun komunikatu eta nor garen gu hori komunikatzeko. Askotan, diseinu grafikoan, mugitzen ez den pantaila batean kokatu gara, geldirik dagoen irudian. Pentsatu behar dugu zer eragina duen erabaki horrek baliabideetan, zergatik mezu labur batek funtzionatuko du hobeto edo ez, konposaketa, formatua... Hartzaile batek ez badu whatsappa erabiltzen zergatik aukeratu behar dugu bide hori, agian buzoneatu beharko dugu.

-Gaur egun gainera, komunika-tzeko plataforma asko daude eta mezua ezin da berdina izan guztietan, ezta?

-Hori da. Kontua da mezua ez dela bakarrik testua edo eslogana edo... harrikada. Testua dena da, kontuan izan behar dugu gure irudiak mezuaren parte direla, testuak ere, eta formatua bera ere mezuaren parte da. Horregatik formatu desberdinetan bakoitzak bere puntua gehitu edo kenduko dio emaitzari.

-Lehen esaten zuten alemaniarrek gauzak ondo fabrikatzen zituztela, baina italiarrak zirela ondo saltzen zutenak. Mundu globalizatu honetan zein puntuan gaude Euskal Herrian?

-Ni diseinu eta komunikazio arloetatik nator baina oso argi dut marketinaren lana zein den eta oso positiboa izan daitekela. Ikastaroan atera da nola euskaldunok nahiko gogorrak garen saltzeko orduan, apalagoak gara agian gure produktua modo zuzenagoan kokatzen. Oraindik ez dugu ikusten lotura bat dagoela, kontua ez da produktu bat ekoiztu eta gero baten batek salduko duela, edo hau da ideia eta orain deitu dezagun diseinatzaile bat zerbait orijinala egin dezan erakargarria izateko. Ez da horrela. Argi dute hori enpresa handietan, marketin talde potoloa duten enpresetan. Gero eta gehiago globalizatuta gaudenez ikusten dugu nola 'continuum' oso baten parte dela.

-Eibarren enpresa txikietara ohituta gaude eta ematen du muga bat dagoela tailerra eta marketinaren artekoa.

-Bai, gure herriak tamaina ertain eta txikiko enpresaz josita daude. Batzuetan fakturazio handikoak dira baina oraindik enpresa txikiko mentalidadea dutenak. Nabaritzen da hor pauso bat falta dela komunikazioa normalizatzeko.

-Enpresa baten jabeak galdetuko du: errentagarria al da hau guztia?

-Bai, bai! Zure marketinatik hasita, 'branding'-a sartuta... Enpresaren nortasuna argi izan gabe zaila da bezero potentzialari ezer komunikatzea. Prozesu horretan diru eta ahalegin asko galtzen da. Beti gaude berakatz sopa berrasmatzen, galdera berberekin.

-'Branding' aipatu duzu.

-Noski, inpaktoa dauka motibazioan eta alde emozionalean enpresan bertan. Nik, langile bezala, nahiago dut enpresa baikor bat, irudi positiboa daukan batean lan egitea, irudi apur bat apalagoa duena baino. Zer esanik ez bezeroekin! Gauza asko sartzen dira bertan. Horregatik ikastaro honetan saiatu gara guzti horiek elkartzen diren puntua lotzen. Zer gertatzen da marketinatik komunikaziora gatozenean.

-Zer nolako giroa dago udako ikastaroetan horrelako gaiak jorra-tzeko?

-Ikastaroak eman ditudanean beti izan da enpresa mailan, ez modu hain akademikoan. Hau da udan UEUrekin egiten dudan lehena eta gozamena da. Ematen du udako giroak beste tono bat ematen diola, nahiz eta gaiak serioak izan irekiago gaude gauzak entzuteko. Formatua 15 ordukoa da eta gauzak azkar eman behar dira etekina ateratzeko, baina uste dut udako ikastaroek asko dutela emateko. Bertan UEUren rola oso interesantea da, eta bere kokapena Eibarren oso interesgarria ere.

Fotos

Vídeos