Halloween edo Arimen Gauako ospakizunen inguruko hitzaldia gaur, Portalean

Antropologoak. Jozu Ozaita eta Jaime Altuna. /  MORQUECHO
Antropologoak. Jozu Ozaita eta Jaime Altuna. / MORQUECHO

F.M. EIBAR.

Juan San Martin Bekak hainbat esparruko ikerketak bultzatu ditu azken urteetan, eta horietako baten emaitza gaur plazaratuko dute bere egileek. Jozu Ozaita eta Jaime Altuna 2015eko edizioko esleipendunak izan ziren eta gaur 'Itzalitako kalabazen berpiztea' izenburuko hitzaldia eskainiko dute Portalea kultur etxearen areto nagusian. Ekitaldia arratsaldeko 18:30ean hasiko da eta sarrera irekia da.

Hitzaldia orain dela bi urte lortutako bekari esker egindako ikerketaren aurkezpena izango da. Aurretik, bere ondorioak aurkeztu zioten epaimahaiari eta onartuak izan ziren. Orain interesa duten guztiei zabalduko diete ikusitakoa. Bere proiektuaren izenburua 'Halloween edo Arimen Gauaren ospakizunen inguruan Euskal Herrian eman den bilakaera eta partaideen diskurtso, bizipen eta praktiken azterketa' zen.

Azken urtetan indarra hartzen ari diren jaietan jarri zuten begia bi antropologoak eta horregatik aukeratu zuten gaia bere ikerketa egiteko. «Gure inguruan Halloween izeneko jaia gauza berria dela dio jende askok, baina hamar urte daramagu berria dela esaten», aipa-tzen zuen Altunak ikerketa hasi baino lehen. Bere kidea den Ozaitak ospakizun horien ezaugarriak aipa-tzen zituen. «Ume eta gazteentzat oso erakargarriak diren osagaiak ditu, adibidez gaua eta beldurra. Baina aldi berean jai deserosoa da nagusientzat, atzerritik etorritako gauza dela iruditzen zaigulako».

Estatu Batuetatik ailegatutako estereotipotik aldentzen diren ospakizunak ere antolatu dira Euskal Herriko leku desberdinetan. Izena aldatzen da kasu batzuetan eta moduak ere. Hori egitean, gure inguruan antzinako ohiturak badaudela kontuan hartu daiteke.

Ikerlariek aipatzen zuten «badaudela testigantzak orain dela ehun urte kalabazak hartzeko ohitura zegoela diotenak. Kalabazak hustu egiten zituzten barruan kandelak pizteko eta bidegurutzetan jartzen zituzten jendea ikaratzeko».

Arimen Gaua, Halloween eta Gau Beltza dira antzeko ospakizunen izenburuak baina denak dute jatorri berdina. Azken hamarkadan Hollywoodeko filmak ekarritako eredua gero eta zabalkuntza gehiago lortu du eta gaur egungo umeek gauza arruntatzat hartu dute jada kasu askotan. Altuna eta Ozaitak egindako lanak gaiari buruzko puntu gehiago argitzeko balioko du gaurko ekitaldian.

Fotos

Vídeos