Euskara, motibazioan errentagarria

Mahaia. Imanol Urreisti, Anaje Narbaiza, Migel Angel Elkoroberezibar, Amaia Uribe, Mikel Larrañaga, Arantza Lekuona eta Joxe Mari Goenaga./
Mahaia. Imanol Urreisti, Anaje Narbaiza, Migel Angel Elkoroberezibar, Amaia Uribe, Mikel Larrañaga, Arantza Lekuona eta Joxe Mari Goenaga.

Hizkelan jardunaldiak lanbide desberdinetan ematen diren prozedurak aztertu zituen Armeria Eskolan

FÉLIX MORQUECHO EIBAR.

Lan mundua eta eskolak, batez ere lanbide heziketakoak, gero eta hurbilago daudela esan ohi da azken urteetan. Baina batetik bestera hainbat aldaketa sumatzen dira. Horien artean hizkuntza ere badago, enpresetan hainbat errealitate daudelarik. Aste honetan Armeria Eskolak Hizkelan jardunaldia hartu du. Bertan eskoletako eta lanbide desberdinetako profesionalak topatu ziren eta beraien ikuspegia plazaratu zuten.

Jardunaldiak hitzaldi desberdinak entzuteko aukera eman zuen. Baita Mikel Laskurain aktorearen ikuspegi umoretsua entzuteko ere. Ekarpen guztiekin mahai-inguru bat egin zen Amaia Uribe kazetariak zuzenduta. Bertan bi eskolatako arduradunak egon ziren, Armeria Eskolako Imanol Urreisti eta Easo Politeknikoko Migel Angel Elkoroberezibar; eta haiekni batera, Elay enpresa industrialeko Anaje Narbaiza, Kabia adineko pertsonentzako eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako egoitzak aurrera ematen duen erakundeko Arantza Lekuona; Eibar K.E. Fundazioko Mikel Larrañaga; eta zinegintzan lan egiten duen Joxe Mari Goenaga.

Lan munduaz hitz egitean, errentagarritasuna mahai gainean azaldu zen berehala, eta horretan industria ikuspuntutik Anaje Narbaizak zera esan zuen: «Agian diruari begira ez zaio etekinik ateratzen, baina motibazio aldetik bai». Larrañagak Eibarko futbol taldea enpresa bat dela gogoratu zuen eta gizartearengan duen proiekzioari begiratu zion. «Errentagarritasun soziala dauka, garrantzitsua da hori mantentzea, bai etxe barruan, bai kanpora begira». Lekuonak bere lanean pertsonak jarri zituen erdi-erdian, eta horri helduz beraien hizkun-tzan bizi ahal izatean bidezkotu zuen profesionalak euskaraz jarduteak. «Zinearen kasuan, zaila da zinea berez errentagarria egitea, bai euskaraz, bai erdaraz», aitortu zuen Goenagak. «Guk zinea euskaraz egiten dugunean merkatua limitatzen ari garela diote, baina tokatu zaigu sarrera gehiago saltzea pelikula batekin Frantzian Espainian baino».

«Euskaraz egiten duten langileak eskatzen badira, behar horretara moldatu beharko gara»

Hizkelan jardunaldiak hezkun-tza eta lan esparruen arteko egoerak aztertu nahi ditu hizkuntza ardatz hartuta. Horregatik ikastetxeen paperari begiratu zioten ere. «Aukera bezala ikusi behar dugu eleaniztasuna», azaldu zuen Urreistik. Elkoroberezibarrek, ikasturte honetan ehundik gora atzerritar jaso dituztela aipatu zuen. «Ikasleek behatokia antolatu dute eta fenomeno hori aztertzen ari dira», zion. «Baditugu ikasle atzerritarrak euskaraz ikasten ari direnak eta esfortzu horrek erreferenteak bilakatzen ditu, kanpokoentzat eta hemengoentzat ere».

Enpresa barruko komunikazioa antolatzeak bere zailtasuna izan dezake, baina paretetatik kanpo oztopoak handitzen dira. «Etiketak ken-tzea kostatzen zaigu. Gasteizera deitzen badugu gazteleraz egin behar dugula pentsatzen dugu, baina lehen hitz hori euskaraz egitea garrantzi-tsua da», esan zuen Narbaizak. «Kontuan izan behar dugu gazteleraz ikasi dugunak aurrera goazela eta atzetik datozenek euskaraz egin dute. Ateak ireki behar dizkiegu». Guzti horretarako baldintzak bermatu behar direla azpimarratu zuen industriatik etorritakoak.

Eskoletako ordezkariak enpresekin duten erlazioa indartzearen alde azaldu ziren. «Enpresek euskaraz lan egiten duten langileak eska-tzen badituzte gu behar horretara moldatu beharko gara», esan zuen Easoko irakasleak. Armeriakoak, ordea, gizartean ere jarri zuen arreta. «Garrantzitsua da euskarako planak elkartzea, bai udaletxean jorratzen dena, ikastetxean...». Ikasketei buruz, Urreistik euskaraz emateko aukera ehunetik ehunera dagoela azaldu zuen, «baina agian ez dago eskaera hori. Ohitu gara langabetuentzako diren ikastaroak gazteleraz izatera». Jarraituz, Narbaizak 'proaktibotasuna' eskatu eta ikastaroak ezin badira, materialak gutxienez euskaraz egotea aldarrikatu zuen.

Erreferenteak ere solasaldian azaldu ziren eta hor futbola duen papera aipatu zuen Larrañagak. Taldeak eta entrenatzaileak euskaraz jardutea aurrerapauso bezala azpimarratu zuen. Iritsi berdinean azaldu zen Goenagak, «erreferenteak behar ditu jendeak, horietaz harro egoteko».

Fotos

Vídeos