Euskara, lanbide heziketa eta lan mundua uztartuko ditu Hizkelan-ek

Hizkuntza. Enpresa industrialetan eta beste esparruetakoetan euskara nola azaltzen den aztertuko da./FÉLIX MORQUECHO
Hizkuntza. Enpresa industrialetan eta beste esparruetakoetan euskara nola azaltzen den aztertuko da. / FÉLIX MORQUECHO

Jardunaldiak esparru desberdinetan bizitako esperientziak ezagutzeko aukera emango du hilaren 8an, Armeria Eskolan

FÉLIX MORQUECHOEIBAR.

Heziketa munduan datuak oso argi daude. Ume txiki denek euskaraz hasten dituzte beraien ikasketak, baina urteak aurrera joan ahala kontua aldatuz joaten da. Hala ere badaude beraien ikasketak bukaeraraino euskaraz burutzen dituztenak, eta orduan? Lan mundua etapa berri bat bezala azaltzen da eta aldaketa izugarriak bizi dituzte gazteek arlo guztietan.

Zer gertatzen da orduan hizkun-tzarekin? Galdera horri erantzuteko Armeria Eskolan Hizkelan 2017 jardunaldia egingo da datorren asteazkenean, hilaren 8an, 9:00etatik 13:00etara. Izen-ematea irekita dago jakinbai.eus web orrian. «Eskoletatik jende asko etorriko da, baina gustatuko litzaiguke enpresetatik ere inguratzea», dio Joxe Mari Ulazia antolatzaileak.

Hizkelan jardunaldia Elgoibarko IMH institutoan sortutako proiektu baten ondorioa da. Handik Lanekin erakundea sortu zen eta elkarte hau antolatze lanetan arituko da Armeria Eskolarekin batera. Prestatutako egitaraua esperientziak eta ikuspegi ezberdinak jorratuko ditu.

«Eskoletatik etorriko dira, baina gustatuko litzaiguke enpresetatik ere inguratzea»

Goizeko 9:00etan hasiera emango zaio Eibarko Udala, Lanbide Heziketa Sailburuordetza, Laneki Elkartea eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren ordezkarien ongietorri hitzekin. 9:30ean Amaia Uribe kazetariak Mikel Irizarri elkarrizketa egingo dio. Irizar Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria izendatu zuen Gipuzkoa Foru Aldundiak baina aurretik badu ibilbide luzea euskalgintzan. Jarraian Aizpea Abrisketa izango da protagonista 'Euskararen eskubideak eta 'protokoloa' lan munduan' izeneko saioarekin. Kontseiluan aztertutakoari buruz hitz egingo du berak, baina lan mundura begiratuta.

Hitzaldien tartea Kepa Altubek itxiko du. Laneki elkartearen kide bezala Lanenpres gida azalduko du. Dokumentu horrek eta bere inguruan eskaintzen diren zerbitzuek enpresan egonaldietan euskara sustatzea dute helburu.

Mahai-inguru zabala

'Tantaka-tantaka, busti euskaraz, Bermio ta Jamaika' izenburu bitxia du 11:20ean hasiko den mahai-inguruak. Bertan oso esparru desberdinetako ordezkariak egongo dira. Euskadi Irratiko Amaia Uribe kazetaria moderatzaile lanetan arituko da.

Enpresa industrialaren partetik Elay egongo da; zerbitzuen aldetik Kabiak, Armeria Eskolak eta Easo Politeknikoak lanbide heziketako bi ikuspuntu desberdin emango dituzte; Eibar Kirol Elkarteko Fundazioak bere euskara planak azalduko ditu; eta, azkenik, Joxe Mari Goenagak zine munduan bizitako esperientzia azalduko du 'Loreak' edo 'Handia' bezalako pelikulen partaide bezala.

Bukaera aldera Mikel Laskurain aktore ezagunak jardunaldiaren laburpena egingo du, bere ikuspegi pertsonalarekin egindako sketch batekin. Baina ez da hor bukatuko.

Antolatzaileek Antzuolako Elay enpresaren ibilbidea txalotu nahi dute eta Armeria Eskolako lelo batek dion bezala 'ondo egindako lana' eskertuko diote.

Fotos

Vídeos