Eskola barruko bertsoak, antzokira

Primeran moldatu ziren ikasleak mikrofonoaren aurrean./ARGAZKIAK: FÉLIX MORQUECHO
Primeran moldatu ziren ikasleak mikrofonoaren aurrean. / ARGAZKIAK: FÉLIX MORQUECHO

'Umeen bertso jaialdiak' atzo hasi ziren Coliseoan, eta gaur eta ostegunean jarraituko dute

FÉLIX MORQUECHOEIBAR.

Hizkuntzek ematen duten lehen erabilera komunikazioa da, baina erreminta izateaz aparte joko gehiago ematen dute hitzek. Bertsolaritza horren eredu argia da. Bat-batean esaldiak sortzea, errimak asmatu eta horri guztiari grazia pixka bat ematea ez da erraza. Berez talentu gehiago edo gutxiago edukiko du bakoitzak, baina gutxi lortu daiteke landu gabe. Aurten ere lan horri denbora eskaini diote ikastetxeetan, eta aste honetan Coliseo Antzokia emaitzen lekuko izaten ari da.

Aurreko hamar urtetan bezala, 'Umeen bertso jaialdiak' ospatzen ari dira. Atzo Amaña, Iturburu eta La Salleko 5. mailakoak aritu ziren bete-beteta agertu ziren harmailen aurrean. Gaur ikastetxe berdeko 6. mailakoak arituko dira eta ostegunean Arrateko Andra Mari, San Andrés, Urkizu eta Aldatzekoen txanda izango da. Emanaldiak 18.00etan dira eta sarrera gutxi geratzen dira.

Astean zehar eskaintzen ari diren ikuskizunak ikasgeletan egindako lanaren ondorioa dira. Orain dela hamaika urte sartu zen bertsolaritza eskoletan eta eszenatokira eramatea ikasturte bukaerako ekin-tza da. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak ematen ditu klase hauek hainbat herritan, eta Eibarren hirugarren urtez Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietara ailegatzen da. Astero, bertsolaritzari ordubete ematen diote, aste batean Elkarteko irakasle batekin eta hurrengoan ikastetxe berako hezitzailearekin.

Programa Udalak finantzatzen ditu %60an eta ikastetxeek gainon-tzeko %40a jartzen dute. Bertan bertsolaritza ezagutaraztea baino gehiago bilatzen da. Egiten diren klaseek ahozko adierazpideak hobetzea, komunikazio estrategia eraginkorrak baliatzea, hizkuntza aldetik sormena bultzatzea, jendaurrean hitz egiteko oztopoak gainditzea, ideiak ordenatzen laguntzea eta komunikatzaile onak izan daitezen hezitzea dute helburu. Hori osatzeko, Coliseoan aurkezten ari dira gelan prestatutako gaiak eta errimak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos