Erakusketa antologikoa 'Ignacio Zuloaga' izenari agur esateko

Irudia. Ignacio Zuloaga Institutoko eraikina, Álvaro Líbano arkitektoak sinatutako marrazkian. /  ARGAZKIAK: FÉLIX MORQUECHO
Irudia. Ignacio Zuloaga Institutoko eraikina, Álvaro Líbano arkitektoak sinatutako marrazkian. / ARGAZKIAK: FÉLIX MORQUECHO

Eibarko margolariaren izena galduko duen Jardiñeta kaleko Institutoak erakusketa irekiko du ostiralean

FÉLIX MORQUECHO EIBAR.

Urteroko notizi bat izaten da 'Eibarko Ignacio Zuloagaren egungo islak' erakusketarena, baina aurtengoa ez da beste bat izango. Institutoak 50 urte betetzen ditu aurten eta gainera izena galtzeko hilabete pare bat falta zaizkio. Hezkun-tzan ematen diren aldaketak medio aro berri bati ongietorria emango dio Institutoak eta ospakizunetarako denbora faltan, erakusketa izango da horren isla.

«Orain begiratu ditugu lehen aktak, 1967-1968 ikasturtekoak, dena gazteleraz, oso arraro egiten da orain», azaltzen du Lore Elkoro Institutoko zuzendariak. Datorren udan Ignacio Zuloaga margolari eibartarraren izena daraman ikastetxeak Eibar BHI osatuko du Mogel-Isasi eta Itziorekin batera. Eraikinak desberdinak izango dira baina denak instituto bakar baten barruan.

Mende erdiko historian Ignacio Zuloaga Institutoak garai desberdinak ezagutu ditu. BUP eta COU-ko garaien aurretik 900 bat ikasle ba-tzera iritsi zen. 1996-1997 ikasturtean azken aldaketa handia eman zen Jardiñeta kaleko ikastetxean. Hezkuntzaren aldeketak Batxilergoa ezarri zuten Institutoan eta ordutik hona hori izan da bere esparrua. Hasieran adar humanistiko eta zientifikoa izan ziren aukerak, baina laster artistikoa gehitu zitzaien. «Gipuzkoan, Donostian, Irunen eta hemen zegoen bakarrik lehen aukera hori», gogoratzen du Ángel Güenaga irakasleak. Horri esker ikasleen jatorria zabaldu egin zen eta Debarro osoko gazteek Eibarrera jo zuten batxilergo artistikoaren bila.

Batxilergoaren hasieran egindako apustua euskararena izan zen. D eredua hasieratik eskaini eta mantendu zen, eta hori izan da azken hogei urteetako ardatza. Aldi berean batxilergoko ikasketak soilik emateak ikasle kopuruak gutxitu egin zituen, eta gaur egun 128 dira Jardiñeta kalera joaten direnak bi ikasturte hauek betetzera.

«Eskolako lanak»

Ignacio Zuloaga Institutoaren urteroko ekitaldia da Portalea kultur etxean ospatzen dena. Aurtengoak kutsu berezia izango du 50. urteurrena dela eta. Normalean ikasturtean egindako lanak aurkezten dira eta horiek ere aurten bertan izango dira. Baina ia bi hamarkada eman ditu batxilergo artistikoak Institutoan eta horregatik aurreko urteetako lanak ere azalduko dira. Erakusketa antologiko hau osatzeko ikastetxean mantentzen diren lanak erabiliko dira. «Azken finean, eskolako lanak dira, nota jartzeko balio dutenak eta hemen geratu behar direnak».

Irekiera ostiral honetan izango da, arratsaldeko 19:00etan. Erakusketa Portalea kultur etxean apirilaren 29a arte egongo da zabalik, 18:30etik 20:30era bitartean, asteartetik igandera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos