«Emozionatzeko gogoz baldin badago, etor dadila 'Martin Zalakain' ikustera»

Nola egingo luke Martin Zalakainek? Horrela./FÉLIX MORQUECHO
Nola egingo luke Martin Zalakainek? Horrela. / FÉLIX MORQUECHO

Coliseo Antzokian ikuskizun berezi bat ikusteko aukera egongo da datorren astean, dantza eta antzerkia uztartzen duen 'Martin Zalakain' Josu Garate Dantzaria

FÉLIX MORQUECHOEIBAR.

Donostiako Argia taldeko buru den Juan Antonio Urbetz ohituta dago hainbat herriko dantzariak elkartzera bere ikuskizunetan. Eibarko Kezkakoak fidelak dira lan horietan, baina oraingoan gauza desberdin bati ekin zioten. Pío Barojaren 'Zalacaín el aventurero' hartu eta dantzan jartzea zen helburu. Horretarako esparru desberdinetako laguntza izan dute. Harkaitz Cano idazleak gidoia sinatzen du, eta an-tzerki kontuetaz Ander Lipus aritu da. Bera da On Pio idazlea 'Martin Zalakain' izeneko abentura honetan, eta protagonista, abenturazalea, Josu Garate dantzari eibartarra. Muntaia honetan 80 bat dantzari eta 20 bat musikari hartzen dute parte. Emanaldia datorren larunbatean izango da, hilaren 19an. 19:00etarako antolatutako saioak berehala agortu zituen sarrerak eta beste bat egingo dute 22:00etan.

-Dantzaria edo antzezlea?

-Dantzaria, dantzaria! Kasu honetan ahalegin txiki bat egiten dugu antzezle lanetan, baina hor geratzen da. Aukera polita eta interesgarria izan da paper hau betetzea, normalean horrelako aukerak ez zaizkizu eskaintzen eta egia da beste mundu bat dela. Martin Zalakain obrak bazuen antzezle izatetik asko eta hori denez dantzariok antzezteko dugun gure gabeziari aurre egin behar izan diogu.

«Dantzariok antzezteko dugun gure gabeziari aurre egin behar izan diogu»«80 lagun gara gehi 20 bat musiko eta denak batzea mirari txiki bat da»

-Nola aukeratu zintuzten Martin Zalakain-ena egiteko?

-Kasualitate pare baten ondorioz izan zen. Hasieran ez nuen parte hartu behar familia kontuengatik, baina Juan Antonio Urbeltz-ek oso argi zuen Ander Lipus-ekin egin nahi zuela lana. Honek ezin zuen eta Urbeltz-ek ea hurrengo urtean aukera izango zuen galdetu zion. Horrela, proiektua atzeratu zen eta horrek beste urte bat eman zidan. Gainera, Martin Zalakain pertsonaia egiteko zegoen dantzariari kontrakoa pasatu zitzaion, hasitako bidea utzi behar izan zuen. Horrela, niri proposatu zidaten eta motibazioa itzela da, erronka izugarria. Beldurra ere banuen baina ikusi nuen emateko ere banuela, eta baietz esan nion eskaintzari.

-Aurreko dantza ikuskizunekin alderatuta, oso lan diferentea izan al da?

-Bai. Oso berezia izan da guztion-tzat oro har, eta niretzako behintzat, barrutik, oso esperientzia berezia eta oso aberatsa, pila bat aportatu dit. Alde batetik obra hau sor-tzen da Argiak heldutasun puntu bat duelako, eta bere inguruan jardun dugunok ere bai. Horregatik erronka hau hartzen da, drama bat aitzaki moduan hartu eta ea nola uztartzen dugun dantza bertan. Nire pertsonaiak zeresan handia du horretan, azkenean pertsonai identifikagarria delako eta asko ikusten delako. Orduan bere dantzakera ere berezia izan behar da, horregatik lan prozesu interesgarriena ni Martin Zalakain bihurtzekoa izan da, nire izaera eman personaiari.

-Hori beste ikuskizunetan ez al zaizu gertatu?

-Ez, ni beti ni izan naiz dantzan baina orain, muturrera eraman behar nuen nire dantzakera eta azaldu nola egiten duen dantza 'Martin Zalakain'. Obra honetan, beste batzuetan alderatuta, dantzak montatzerako orduan nire hazia jartzeko aukera izan dut eta hori ere pozgarria da, aportatzea zeuk ere. Dantza maisu izugarriak izan ditugu inguruan eta nik, paper hori jokatu dudanez, aukera izan dut dantzak nola izan litezkeen horretan. Eta lan hau desberdintzen duen beste gauza bat antzezpen pintzeladena izan da. Hau azken entseguetan nabarmendu zen, denok batu egin ginenean. Ander Lipus oso lan interesgarria egin zuen gu eszenan jartzen. Gu ohituta gaude gure dantzetan leku batetik sartu eta bestetik ateratzera, nahiz eta zaindu hori egiteko modua. Baina Lipus-ek, beste ikuspuntu bat eman zigun. Nik esaten nion «guk dantzan egon behar dugu, ze egoten ez dakigu». Eta ikasi behar izan dugu egoten, edo hitzen bat esaten batzuk.

-Estreinua orain dela urte erdi ailegatu zen, azaroan, Bilboko Arriaga Antzokian. Zer nolako sentsaziorekin geratu zineten bertan, eta geroztik etorritako emanaldietan?

-Oso goxoa izaten ari da, nik nire barrutik horrela sentitzen dut. Gu mugitzen garen munduan kritikak jasotzea positiboa da, norbaitek arduratu dela esan nahi duelako, eta positiboak izan dira. Hurbildu zaigun jendearen artean, ezagunak beti dituzte hitz onak, baina ez hain gertukoak edo begirada kritikoa duten ezagunak, hitz politak eman dizkigute, lan ona dela, gustura ikusten den ikuskizuna dela... Dena batuta bertigo pixkat ematen du, baina bai uste dut beste proposamenengandik desberdina dela. Drama bidez, beste era batera iritsi gara jendearengana.

-Antzoki garrantsitzuenetan aritu zarete baina oraingoan Eibarren egitea tokatzen da. Berezia al da Kezka taldekoentzat?

-Bai, koadrila polita gabiltza, hogei bat lagun, eta hori ere erronka izan da. Ez da erraza jendea proiektuan inbolukrazea, batez ere jende gaztea. Batzuk urteak daramagu Juan Antonio Urbeltz-ekin lanean eta sinisten dugu bere proposamenean. Baina honek sakrifizioa eskatzen du, entseguak dira gaur, eta bihar ere bai, asteburuan... eta moldatu behar duzu bizimodua fase batean. Bizi daiteke, hau amateurra da, baina konpromisua da eta estreinu aurreko azken hiru hilabeteak oso intensoak izan ziren. Jendea inbolukratzea guzti horretan ez da erraza. Lortu genuen, eta nik uste dut jendea pozik dabilela. Gainera horrelako eszenatokietan aritzeko aukera handirik ez dago. Nik gogoratzen dut Arriagan lehen aldiz dantza nuen eguna, hori ez dut ahazten. Gauza horiek bereziak dira eta eman nahi genien gazteei, eta ez hain gazte izanda probatu ez dutenei. Eta orain etxera etortzea berezia da. Familiakoak etorri dira beste emanaldietara eta batzuk errepikatuko dute hemen ere, baina gure erronka da normalean guregana iristen ez den jendeari eskura jartzea, hori da berezia egiten duena Eibarrera ekartzeak.

-Aipatu duzu ez dela erraza hainbeste jende batzea. Horrek emanaldiak nahiko tartekatuak egitea eragiten du. Batetik bestera beharrezkoak al dira entseguak edo errepasoak?

-Hasieran horrela izan zen. Estreinua azaroan izan zen Arriagan eta gero Victoria Eugenia-koa etorri zen abenduan, eta horrelako bolumena duten obretan beti egoten dira ajusteak. Orduan Victoria Eugenia bidean dexente aritu ginen, eta atzetik Iruña etorri zen urtarrilean eta orduan ere beste ajuste txiki bat egon zen. Baiona eta Gernikara joan ginen gero, eta kasu hauetan zerbait bereziren bila joan da, aurreko asteburuan edo egunean bertan. Kontuan izan behar da 80 lagun garela gehi 20 bat musiko eta denak batzea mirari txiki bat da.

-Eibartar dantzariak aritzeaz gain, Eibarren ere entseguak egin zenituen.

-Hala da, estreinatu aurretik azkenengo entseguak hemen egin genituen, Hezkuntza Esparruko antzokian.

-Laburrean, nola azalduko zenioke ikusle bati zer ikusiko duen datorren larunbatean Coliseo Antzokian?

-Ez nioke gauza askorik esango, esango nioke aukera badu, etortzeko. Nik uste dut maitasunez egindako gauza polit bat ikusiko duela. Dantza ikusiko du, emozionatu nahi duen dantza ikusiko du. Beraz, emozionatzeko gogoz baldin badago, etorri dadila 'Martin Zalakain' ikustera.

-Martin Zalakain dixit.

-Ohore bat, benetan pribilegio bat izan da honetan parte hartzea eta oso eskertuta nago Martin Zalakain hau izateko aukera izanagatik.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos