Agurtzane Intxaurraga: «Kritika soziala egin nahi nuen baina umoretik eta festa lortuz»

Senar-emazte eta gonbidatuak dira ezkontza berezi honen protagonistak./EGOITZ BENGOETXEA
Senar-emazte eta gonbidatuak dira ezkontza berezi honen protagonistak. / EGOITZ BENGOETXEA

Antzerki Jardunaldietan ezkontza eguna da gaurkoa Hika Teatroa-ren eskutik, baina Kezka, Biraka eta publiko guztia gonbidatua dago

FÉLIX MORQUECHOEIBAR.

Coliseo Antzokiko eszenatokia hainbat ikuskizunen lekuko izan da, baina gaurkoan ezkontza baten jaia jasoko du. Hika Teatroa konpainiak 'Txarriboda' aurkezten du (gaur 20.30etan, sarrerak 12 eurotan) Kezka eta Biraka dantza talde Eibartarren laguntzarekin bataz beste. Taula gainean, Sandra Fernandez Agirre, Patxi González, Iñigo Aranbarri, Kepa Errasti, Juanjo Otero eta Iñaki Maruri arituko dira, eta zuzendari moduan, Agurtzane Intxaurraga. Berak gonbitatzen gaitu ezkontza basati honetara.

-Bero bero dagoen lan batekin zatozte Eibarko Jardunaldietara.

-Bai, euskarazko estreinua urtarrilaren 20an egin genuen Errenterian, eta astearte honetan gaztelaniazko bertsioa aurkeztu genuen, 'El bodorrio', baina Eibarren euskaraz egingo dugu.

«Ezkontza batean gertatzen denari jarraituta erraza izan da konfliktoa bilatzea»

-Lan hau testu itxi batetik sortu al da?

-Ez, ez. Irailean taldea neukan, ideia ere, banekien zer kontatu nahi nuen eta nola, baina ezer gehiago. Hausnartu nahi nuen ezkontzak nola diren ekitaldi batzuk inoiz ez direnak modaz pasa. Belaunaldiz belaunaldi transmititu dira eta gainera liturgia berdinarekin, ez dira garatu, ez dira aldatu, beti errepikatzen da gauza bera eta jarraitzen dugu sinezten hori dela bizitzako egunik zoriontsuena, ez bakarrik senar-emazteentzat, gonbidatuentzat ere. «Ezkontza daukat» horren atzetik badakigu jaia datorrela. Hori kontutan hartuta, hain liturgia teatrala izanda, garbi nuen modu batera kritika soziala egin nahi nuela, baina umoretik eta festa lortuz, narrazio basati bat kontatuta. Hasi itxurakeriatik, zelofanezko historio batetik eta nola hori apurtzen joaten den. Horretarako giltzarria izan da kabareta.

-Zergatik kabareta?

-Narrazio basati hori nola kontatu, emozio horiek filtro gabe adiarazteko, argi nuen kabareta erabili nahi nuela. Umore gordina, emozioak filtro gabe, musika... Eta hirugarrek giltzarria inprobisazioa izan da. Bi astez egon ginen inprobisatzen eta han marraztu nuen zer izan zitekeen. Pertsonaiak sortu genituen ere. Banekien ezkontzako printzipalak nortzuk osatuko zituzten baina gero zein gonbidatu berezi edukiko genituen ez zegoen sortua. Oso lan intensoa izan da, aktoreekin lanean jarraitu, testuak idatzi, musika aukeratu...

-Musikari ere garrantzia eman al diozu ospakizun honetan?

-Bai. Miren Gojenola zuzendari laguntzailea izan dut eta bien artean aritu gara. Momentu batean argi eduki nuen hemengo musikatik saiatuko nintzela kabaret hori egiten. Ez dago erreferenterik ere euskeraz, eta ez nuen nahi kanpoko bat hartzea, gure sigilu propioa nahi nuen. Hemengo kantutegira begiratu diogu eta uste dut bete betean asmatu dugula. Musikak erreferenteak dira. Mundu guztiak ez ditu denak ezagutuko baina beti dago norbait bata eta bestea ezagutzen dituena. Lehengo kantuak dira eta orain moda modan daudenak ere. Jendeari asko gustatzen ari zaio hau, kabaret estiloan. Iñaki Maruri arregloetan aritu da, 'marabillosoa' bai musikari moduan eta aktore moduan ere. Eta Onintza Enbeitak egin ditu euskarazko letrak.

-Aipatu duzu kritika soziala, umorea ere, baina zein da antzezlanean gehien antzematen den tonua?

-Festa! Denetarik dauka, badaude bere momentu oso dramatikoak eta poetikoak, baina jendea geratzen da benetan ezkontza batean egon den sentsazioarekin. Bai nagusi, gazte, heldu, denei gustatzen ari zaie. Gero, ukitzen diren gaiak asko dira, lan prekarietatea, genero identitatea, emakumearen egoera... pertsonaia bakoitzak badauka bere piztia barruan eta bere istorio propioa. Orduan saiatu gara ez bakarrik festa horretan geratzen baizik eta hausnarketarako puntuak ematen. Azken finean, ezkontza batean gertatzen dena ikusten dugu, batzutan benetako ezkontzetan istiluak daude, edariak badakigu zer sortzen duen... Gu partitura hori osatzen joan gara. Zer da lehena? Itxurakeria, gero? gula, edaria, horren ostean desioak askatzen dira... Partitura hori jarraituta erraza izan da konflikoa bilatzea, antzerkian behar duena konfliktoa delako. Nik festa proposatu dezaket baina ordu eta erdiz mantentzea ezinezkoa da. Joan etorri asko ditu obrak.

-Ikusleek zein papera dute hemen. Gonbidatuak al dira ezkontza honetan?

-Hori da. Ikusleak bete betan dira gonbidatuak. Kasu honetan gainera lan bikoitza egiten ari gara tokian tokiko jendearen partaidetza aktiboa bultzatuz. Alde batetik ezkontzak aukera ematen digu, baina bestetik pentsatu genuen nola erakarri jendea, nola egin emanaldi bakoitza ebentoa. Gizarte honetan ebentoak dira erakartzen dutenak eta ez ohizko programazioak. Orduan pentsatu genuen ezkontza honek onartzen zigula herriko jendeari eskatzea, zergatik ez, senar-emazteei aurrezku bat dantzatzea, bertso bat egitea, edo batzuk dantzan ateratzea gureakin. Hori egiten dugu emanaldiz emanaldi eta Eibarko kasuan Kezka taldekoek dantza egingo dute, bertsolaria ere egongo da eta Biraka dantza taldekoak ere. Inportantea da ere herriko jendeak hori jakitea, hori ere bada amua ezkontzara etortzeko!

-Aurretik egonak zarete Eibarko Jardunaldietan, baina aurten oso egun lanpetuetan zatozte.

-Bai. Justu Dferia eduki dugu aste honetan 'El bodorrio'ren estreinaldiarekin eta datorren astean 'Sagartu'ren estreinaldia aretoan. Horregatik erdi erdian dator emanaldi hau eta gainera asteburu honetan dobletea egiten dugu, ni 'Koaderno zuria'n nago aktore bezala eta bi obrekin dauzkagu emanaldiak. Nahiago nuke lana partekatuagoa edukitzea, baina horrela da eta eskerrak eman behar dugu hiru produktu ditugulako orain eta hirurak primeran funtzionatzen ari dira, desberdinak izanda bata bestearengandik. Ezin gara kexatu, aldrebes. Gainera, benetan polita izan da 'Txarriboda'kin antzokiak beteta ikustea. Horregatik, saiakera berezia da tokian tokiko partehartze hori lortzea baina merezi du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos