Diario Vasco

«Gune hauetan sortzen da jakintza aurreratua»

«Gune hauetan sortzen da jakintza aurreratua»
  • Ekonomia Sustapeneko diputatu Ainhoa Aizpuruk IK4-Teknikerren instalazioak ezagutu ditu bertatik bertara

Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, IK4-Tekniker teknologia zentroko instalazioak ezagutu ditu aste honetan Eibarren. Bertan, «ekonomiaren susperraldia finkatzeko ahaleginean ezagutza aurreratua sortu eta industria ehunera zabaltzeak duen garrantzia» azpimarratu du. Lan bileran izan dira, baita ere, IK-4 Teknikerreko zuzendari nagusia, Alex Bengoa, zentroko Teknologia zuzendaria, Ana Aranzabe, eta Berrikuntzako foru zuzendaria, Garikoitz Agote.

«IK4-Teknikerren gisako zentroek egiten duten lana aitortu eta bultzatu behar dugu. Gune hauetan sortzen baita jakintza aurreratua, gero industrian bere isla izaten duena. Lankidetza eredu hori eredu da Gipuzkoa osorako. Gure enpresen eta teknologia zentroen arteko elkarlana sustatu eta indartu behar dugu», azpimarratu du Ainhoa Aizpuruk.

Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea bultzatzeko Programari dagozkion diru laguntzak argitaratu berri ditu Foru Aldundiak. 4.341.800 euroko inbertsioa egingo du Aldundiak 2017an lurraldean ikerketa eta garapena bultzatzeko. Iazko deialdiaren bitartez babesa jaso zuen zentroetako bat, hain justu, IK4-Tekniker izan zen.

IK-4 Tekniker, baita ere, Gipuzkoa 4.0 Fabrikazio Aurreratuko Sarean bere esperientzia partekatzen duen teknologia zentroetako bat da. Gipuzkoa 4.0 Sarea lankidetza oinarri duen programa aitzindaria da, Ekonomia Sustapeneko foru departamentuak abian jarri duena, 4.0 Industriaren inguruko ezagutza erakutsi eta zabaldu asmoz. Mundu mailan erreferentzia diren bost teknologia zentro eta hiru enpresek osatzen dute Gipuzkoa4.0 Sarea, abiapuntu gisa. Ibarmia, Goimek (Danobat Group) eta ITS (Egile), batetik; Tecnalia, IK4 Research Alliance (Tekniker, Lortek, Vicomtech) eta IMH-TKgune, bestetik. Aurten jardunaldietan landuko diren kontzeptuak izango dira mekanizatuko lantegien automatizazioa, zibersegurtasuna, data analytics, laser teknologian oinarritutako fabrikazio prozesuak, robotika, eta fabrikazio gehigarria, besteak beste.

Egitasmoan parte hartzen duten zentro teknologikoek, IK4-Tekniker barne, gai bakoitzeko jardunaldi bana antolatuko dute urtean zehar, kasu honetan 20 lagunez osatutako taldeentzako. Fabrikazio aurreratuko kontzeptu garrantzitsuei buruzko jardunaldiak izango dira, eta azpiegitura bereziak ezagutzeko aukera eskainiko dute. Jardunaldi bakoitza amaitzean, parte-hartzaileei teknologia-bonuen programaren berri emango zaie; hilabete edukiko dute Foru Aldundiaren aurrean bonu bat jasotzeko eskaria egiteko, eta teknologia zentro batekin elkarlanean egin beharko dute.

Jardunaldi hauetarako izen-ematea zabalik da webgune honetan, non interesa duten enpresek aukeratu dezaketen 4.0 industriari buruzko zein kontzeptutan eta esperientziatan sakondu nahi duten. Lehen seihilabeteko honetako bisita eta jardunaldi egutegia honako hau da:

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate