Diario Vasco

«Tradizioa egunero egiten dugun zerbait da»

Jaiek bizi duten aldaketei buruz arituko da bihar Portalean Oier Araolaza.
Jaiek bizi duten aldaketei buruz arituko da bihar Portalean Oier Araolaza. / FÉLIX MORQUECHO
  • Halloween, Olentzero edo aratosteak ez dira beti berdinak izan. Neguko jaiei buruzko hitzaldia izango da bihar, asteazkena, Eibarko Portalean

Arraroa egiten da jaia eta dantza hitzak desberdintzea, agian horregatik Kezka Dantza Taldetik interes handia erakusten dute erritu eta ospakizunen formetan. Neguko jaien inguruan Oier Araolazak (Eibar, 1972) 40 hitzaldi baino gehiago eman ditu azken bost edo sei urteetan Euskal Herriko hainbat herritan. Orain etxean arituko da, Portalea kultur etxean bihar, asteazkena, 19:00etan, 'Halloween, Olentzero, karnabalak... noruntz doaz gure neguko festak?' izenburupean.

-Azken urteetan nabarmen aldatu dira jai batzuk.

-Nik uste dut beti aldatzen ari direla baina momentu honetan horrek eztanda egiten du gure begien aurrean. Animen gauaren kasua oso argia da. Nik orain dela hamar bat urte pista oso argi bat ikusi nuen. Bilboko denda batean eskaparate bat Halloweeneko gauzez beteta ikusi nuen. Orduan sartu eta galdetu nion dendariari, «saltzen al dira gauza hauek?». Gizonak esan zidan «urtero, aurreko urteko bikoitza eskatzen dut, eta dena saldu egiten dut». Nik garbi ikusi nuen orduan eta betetzen ari da, urtetik urtera bikoizten ari da, itzela!

-Behin baino gehiagotan aipatu duzu hemen bazeudela horren inguruko ohiturak, baina Hollywoodeko eredua da orain datorrena.

-Hitzaldiaren ideia aldaketa horren kontzientzia izatea da. Askotan, horrelako fenomenoen aurrean oso pasiboak gara, «horrela da» diogu. Baina gutako bakoitzak dugu gure esku ospakizun horiek nola egin nahi ditugun. Egia da erreka ur handiarekin datorrela. Nik ez dut uste gutxi batzuk erreka hori desbideratzeko gai izango ginatekeenik, baina hortik guk erreka elikatzera badago aldea.

-Bada interes bat jai eredu horren atzean.

-Halloweenen kasuan oso argia da interes ekonomikoa. Orain dela zenbait urte gabonetan gertatutakoaren berdina ari da pasatzen, ospakizun bat da, batzuentzat erlijioso izan daitekena, beste batzuentzat kulturala, kanpaina komertzial batean bihurtzen dena. Oro har kontsumoa bultzatzea da helburua. Horren aurretik genituen erlijio edo kultur ohiturak, bapatean estrategia komertzialentzat lurreratze pista bat bihurtzen dira. Mamiz hustu egin dituzte, bakarrik forma utzita, eta gero formak ere aldatzen dira! Ospatzen ari ginena ez den gauza bat ospatzen ari gara konturatu gabe. Gutxienez horren kontzientzia izan behar dugu. Hori da lehen urratsa.

-Gure aurrekoek Animen gaua ospatzen zutela diozu. Nola?

-Oso gauza sinpleak ziren nerabeek erreproduzitzen zituztenak. Adibidez, baratzetara joan, kalabazak edo arbiak ostu, zulatu, kandelak jarri, bide bazterretan jarri edo jendea bildurtzen ibili izara edo trapu zahar batzuekin tapatuta... Hori hemen egin da eta jubiletxe batera joanda seguru topatzen duzula egin duen jendea, batzutan kontziente izan gabe.

-Baldarkeria zelakoan agian...

-Eta zen! Egiten zuten Domu Santuko inguruko gauetan, oso gauza inkontziente eta espontaneoa izan da.

-Oraingoa ikusita, zein da hortik ateratzen dugun lezioa?

-Gure aiton-amonek egiten zuten, gure gurasoetako batzuek ere, bapatean guk, gizarte bezala, erabaki dugu hori aspergarria dela, utzi diogu ospatzeari. Gero ahaztu egin zaigu ospatzen genuenik ere. Bapatean etortzen dira merkataritza industria eta Hollywood... eta orain oso interesgarria da eta asko gustatzen zaigu. Erridikulua iruditzen zait. Orain batzuk erabakitzen dute antolatu behar dugula eta egiten dugu. Horrek oso egoera txarrean uzten gaitu.

-Zer proposatzen duzu Animen gaua beste modu batean antola-tzeko?

-Ez naiz guztiontzat standard bat jartzekoaren aldekoa. Iruditzen zait gure aberastasuna askatasunean dagoela edo talde bakoitza bere formula edukitzean. Hasteko, 'trick or treat' formula horren antzeko asko daude eta niri bat asko gustatzen zaidana, nire seme-alaberi eraku tsi diena, da «xanduli, manduli, kikirriki, eman goxokiak guri!».

-Badago alternatiba.

-Asko daude, «saria edo ziria», etabar. Gainera «truco o trato» gazteleraz ez dauka sentzurik, itzulpen fonetikoa da.

-Gabonetako pertsonaiei buruz...

-Olentzero desagertu egin dela argi dago, Papa Noel edo Santa Claus da, justu-justu txapelarekin mozorrotuta. 'Bizarzuri' sinkretismo horren eredua da, nor da 'Bizarzuri'?

-Bientzat balio al du?

-Genuen pertsonai zakarra, mozkortia, batere umezalea ez zena... non dago? Oraingoa Papa Noel da.

-Nork egin beharko luke hausnarketa gai hauei buruz?

-Hauetan eskua sartzen duen jendea flanko askotatik dator. Gurasook etengabe gestionatzen ari gara umeei proposatzen dizkiegun ospakizunak nola janzten ditugun. Hezkuntzak oro har ere zeresan handia dauka honetan, bai hezkuntza erreglatua, bai aisaldian ematen dena. Merkataritza munduak ere, badaki gabonak urteko aro potenteena dela, eta hori jantzi nahi izaten du. Momentu horretan hautuak egiten ditu. El Corte Inglés-ek lehen Erregeak bakarrik jartzen zituen eta orain Olentzero bat ere jartzen du. Zona 10-ek orain dela pare bat urte Olentzero eta Mari Domingi bat jarri zituen. Azken hau Eibarren ez zen agertu ordurarte.

-Hori pertsonaia!

-Horrek beste gai bat ekartzen digu, generoaren gestioa gure tradizioan. Horri oso lotuta gertatzen ari den gatazka bat ikusten dut, ea Erregeetako bat benetako beltza izan behar den edo aurpegia margotuta izan behar den.

-Zeren aldekoa zara?

-Ez ahaztu hau antzerki bat dela. Eibarren, Erregeen kasuan, askotan ezagutu ditugu emakumeak Erregeen papera jokatzen. Olentzeroren kasuan ez nago Mari Domingi ondoan jartzearen alde, horrek eredu heteronormatibo estereotipatu bat erreproduzitzen du, eta helburua da Olentzero izatea, berdin gizon edo emakume. Horrela topa tzen dugu leku batzuetan Olentzero emakume bat izaten zela.

-Arraroa egiten da.

-Klaro, ezagutu dugun Olentzero hori oso modu itxian egin dugulako. Erregeekin, Baltasar beltza izan behar dela diogu baina berdin dio beste biak gezurretako bizarra, gezurretako tripa eta gezurretako ilea edukitzea. Orduan, Erregeetan mantendu behar den ezaugarri bakarra beltzaren kolorea al da? Antzerki bat dela! Dena dela faltsua! Horiek momentu honetako eztabaidak dira, baina honetan hausnartu behar dugu, posizionatu behar gara, ezin dugu esan «tradizioa da», tradizioa egunero egiten dugun zerbait da.

-Kezka Dantza Taldean badakizue zer den 'tradizio' berri bat sortzea koko-dantzen kasuan. Etorkizunari begira egindako lana al da?

-Bai... eta ez. Ezin dituzu gauzak etorkizunerako egin, momentuan funtzionatu behar dute. Orain betetzen badute bere funtzioa, ondo dago. Tradizio bezala geratuko den? Batetik hori ez dago gure esku, eta bestetik handinahia da hori. Karnabal kontestuan norbaitek ikusten badu ondo pasatzeko aukera zabalagoa dela, beste zerbait dagoela eta ordu erdi ondo pasatzen badu guri begira edo gurekin parte hartzen, helburua lortuta.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate