Ehun urte bete ditu Madalena Artetxek

Zigor Aizpuruaren eskutik lore sorta jaso zuen. / ANDER SALEGI
Zigor Aizpuruaren eskutik lore sorta jaso zuen. / ANDER SALEGI

Zigor Aizpurua auzo alkatea bisitan joan zaio lora sortarekin

A.S. DEBA.

Zubeltzu Zahar baserrian bizi den Madalena Artetxe Arrieta emakumeak, pasa den apirilaren 30ean ehun urte bete zituen. 1918 urtean jaioa, Itziarko Mardari auzoan dagoen Zubeltzu Zahar baserrian bizi da gaur egun. Mende oso bat bete duen honetan, osasunez ondo eta burua argi duela esan genezake. Arroa Goian dagoen Matraka baserrian jaio zen, hamar anai-arreba zituen familian. Gaztetan Zestoan aritu zen neskame, eta bertan ezagutu zuen erromeria batean Anastasio Martija bere senarra izango zena, horrela ezkondu zen Zubeltzu Zahar baserrira. Sei seme alaba izan zituen, hiru mutil eta hiru neska, eta gaur egun bederatzi iloba eta bost birbiloba ditu. Ehun urte bete zituen eguna famili osoarekin bazkaria eginez ospatu zuen, eta debako Patxi apaiza ere etorri zitzaion etxera meza eskaintzera Itziarko eliztarren laguntzaz. Halako bizitza luzearen merezimenduzko ohorez, Itziarko Auzo Udalaren omenaldia ere jaso zuen Madalena Artetxek, eta Zigor Aizpurua Itziarko Auzo Alkatea hurbildu zitzaion bisitan, hizketaldi atsegin baten aitzakian eta lore sorta bat eskainiaz.

Hainbat aldaketa bizi izan ditu Madalenak urte guzti hauetan. Gogoan ditu aspaldiko garaiak, nola bizi izan zuen gerra zibila Zestoan neskame zelarik, edota, geroago, behin Mardarira etorrita egunero Debara behorrarekin esnea eta arrautzak eramaten zituenekoak. Seme zaharrenak soldaduskan gidabaimena atera ondoren ezagutu omen zuen etxean lehenengo kotxea, bizipen interesgarri ugari kontatu zien. Gaur egun, bizimodua erraztuta dagoela aitortzen du, garai bateko nekeak eta lan eskergak gogoratuaz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos