Debako Musika Bandak bazkideen omenezko kontzertua eskainiko du larunbatean

Bandaren kontzertua elizako klaustroan. /  A. SALEGI
Bandaren kontzertua elizako klaustroan. / A. SALEGI

Gaur egun 320 bazkide ditu eta lagun gehiago lortzeko kanpainarekin jarraitzen dute

ANDER SALEGI DEBA.

Debako Musika Bandak kontzertu ugari eskaintzen die herritarrei, baina horien artean bat berezia izaten da. Udaberrian eskaini ohi duen kontzertu batez hitz egiten gaude, hain zuzen ere, bazkideak omentzen duena. Datorren larunbatean, hilak 10, Debako Musika Bandak bazkideen omenezko kontzertua eskainiko du elizako klaustroan. Eguerdiko 12:30ean hasiko da, eta eguraldi ona egin ezkero, kontzertuaren aurretik kalejira bat joko dute herritarrak elizara gerturatzeko asmoarekin.

Debako Musika Bandak udaberrian eskaini ohi duen kontzertu hau, bazkideen omenezkoa izan ohi da. Gaur egun, 320 bazkide ditu Musika Bandak, eta orain dela pare bat urte, kanpaina berri bati ekin zioten bazkide gehiago lortzeko helburuarekin. Ondorioz, kontzertuko banatzen diren esku orrien atzealdean, bazkide izateko bete behar den orria aurki dezake kontzertuak entzutera gerturatzen direnak. Hiru tarifa edo kuota desberdin daude; familiarra (30 euro urtean), heldua (12 euro urtean), edo umeena (6 euro urtean). Orria bete eta gero, kontzertuetan edo musika eskolako idazkaritzan egon ohi den kaxan entregatu behar da. Bazkide izateak ematen dien diru laguntzaz gain, Bandak «asko eskertzen du, bere sorreratik 40 urte igaro ondoren, herritarrek ematen diguten babesa kontzertu eta emanaldiko».

Larunbateko kontzertuaren programa edo egitaraua hurrengoa izango da. Hasteko, beti bezala, pasodoble batekin hasiera emango diote kontzertuari, honakoan, Ramon Roig y Torne-ren 'La Gracia de Dios' izango da, ondoren 'La Dolorosa' Jose Serranoren zarzuela eskainiko dute; jarraitzeko Beethoven-en 'Egmont' obra ospetsua, hau amaitu ondoren W.J. Dutiioit-k West Side Story pelikularen musikarekin egindako moldaketa bat entzuteko aukera egongo da. Amaitzen joateko euskal abesti batzuen moldaketa bat joko dute, Iñaki Urkizuk egina 'Lur Maitea'; eta azkenik 'Caravan' abestiaren moldaketa batekin amaituko dute, Richard Saucedo-k egindako.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos