'Debako euskararen historia soziala' ikerketa lana aurkeztu zuten atzo

Iñigo Ramis de Okariz eta Nekane Goikoetxea liburuarekin. /  A. SALEGI
Iñigo Ramis de Okariz eta Nekane Goikoetxea liburuarekin. / A. SALEGI

Iñigo Ramirez de Okariz eta Nekane Goikoetxea dira ikerketaren egileak

ANDER SALEGI DEBA.

Atzo eguerdian aurkeztu zen Agirre jauregian 'Debako euskararen historia soziala' izeneko ikerketa lana. Debako Udalaren eta HUHEZIren artean 2015eko urtarrilean sinatutako hitzarmenak bi urteko iraupena eta 10.000 euroko diru ekarpena aurreikusi zuen ikerketarako. Lana amaituta, testuaren zuzenketak, maketazio lanak eta argitalpenak beste 5.000 euro inguruko kostua izan dute.

Aitzuri abesbatzako gela jendez bete zen aurkezpena entzuteko gogoarekin. Ane Egidazu Debako Udaleko Euskara Batzordeburuak hitz egin zuen lehendabizi. Ikerketa hau abiatu izanaren arrazoiak aipatu zituen, konpartitzen dugun kezka edo galdera batetik abiatuz; «debarrok daukagun autoirudia (kanpotarrek eman digutena edo geuk sinestu duguna) herri erdaldunarena da; euskara albo batera laga duen herriarena edo herritarrena. Baina askotan horrelako baieztapenak borobilegiak izaten dira, ertzik gabeak; eta errealitateak gehienetan, borobilak baino poliedrikoak izan ohi dira, ertz askokoak.

Errealitatea ondo irakurtzeko eta behar bezala ulertzeko, bada zer gertatu den jakin behar dugu, zergatik, ze arrazoi egon den bide bat edo beste bat hartzeko... garrantzitsua delako ulertzea nondik gatozen, non gauden eta are nora goazen jakiteko». Gaineratu du, era berean, atzo aurkeztutako liburu mardula oinarri hartuta, ikus-entzunezko bat egiteko asmoa dagoela, jendeak modu arin eta didaktikoagoan herriaren historia ezagutu dezan. Ikus-entzunezko horretan zenbait herritarren testigantza zuzenak ere jasoko direla esan zuen.

Ondoren Iñigo Ramirez de Okariz antzuolarrak hartu zuen hitza, ikerlanaren egileetako batek. Ikerketaren datu esanguratsuenak azaldu zituen: historia soziala, ardatz metodologikoa, hipotesiak, gertaera historiko nagusienak eta hizkuntza; ikerketarako erabili dituen informazio iturriak lehen eta bigarren eskukoak izan dira. Lehen eskukoak artxiboak, akordioak etab. izan dira, bigarren eskukoak aldiz, beste idazleek argitaratutako liburuetatik atera ditu. 700 erreferentzia ikus daitezke liburuan. Mendez mende Debak euskararekin izan duen hartu emana, du liburuak.

Amaitzeko, Nekane Goikoetxea Agirre debarrak, ikerlanaren bigarren egileak, historia horren gaineko irakurketa soziolinguistikoa egin zuen. Hizkuntzaren bilakaerari dagokionez, ze paisaia marraztu dezakegun, zertan garen berdin edo desberdin inguruko herriekiko edota ze ondoriotara irits gaitezkeen azalduz. Aipatutako kezka edo galderari erantzunez, hainbat gai eta kontu jorratu zituen.

Lana osorik (241 orri) irakurtzeko aukera dago, www.deba.eus webgunean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos