Deba eta Reusen arteko topaketak jai giroa ekarriko du herrira

Julia Nijs eta Aitor Bedialauneta. /
Julia Nijs eta Aitor Bedialauneta.

Ekintzaz betetako asteburua prestatu da

ANDER SALEGI DEBA.

Heldu da garaia, aste bat besterik ez da falta Debako biztanleria, 350 reustarrei ongi etorria emateko gure herrian.

Ostiral arratsaldean topaketa honen programa aurkeztu zuten. Deba Reus Komisioko kideek «eskerrak eman nahi diegu programa hau egiteko parte hartu duzuen erakunde, talde, taberna eta herritar guztiei, zuek gabe ez zen posible izango topaketa hau aurrera eraman». Topaketa antolatu eta aurrera atera ahal izateko 30 parte-hartzaile edota kolaboratzaile baino gehiago daude Debakoen eta Reusekoen artean. Komisiotik hauxe esaten dute «oraindik laguntza gehiago beharko dugu hurrengo asteburuan, beraz, guztioi animatzen zaituztegu guregana gerturatzeko eta laguntzeko».

Ekintzaz beteriko programa antolatu da, parte-hartzaile eta herrikoia, herritar guztientzako pentsatuta. Ostiralean, berandu helduko dira espero diren 350 reustarrak. Gaueko ordubietan ongietorria egingo zaie herriko polikiroldegian.

Larunbata egun potentea izango da. Goizo hasiko dira ekintzak, 10:00etan Castells ikastaroa umeentzat Xiquets de Reus-en eskutik. Alamedan karpa bat jarriko dute eta bertan Kolore Anitz-ek animazioa eta puzgarriak eskainiko ditu. 12:00etan Triki Vermut karpan. 13:15etan Kaxarranka ikusteko aukera egongo da Gure Kaieren eskutik plaza berrian. 13:30ean gauza ikaragarri bat ikusteko aukera izango dute Debako biztanleek, Xiquets de Reus Castell taldea, erakustaldi bat egingo du plaza berrian, bertan pertsonez osatutako dorreak egingo dituzte. Ea ze alturekin harritzen gaituzten? 15:00etan bazkari herrikoia egingo da Aldats pilotalekuan (gogorarazi bazkari eta poteorako tiketak salgai daudela Maxi Tabernan bihar arte.

Goizean dantzak protagonistak izango badira, arratsaldean eta gauena musika nagusituko da. Arratsaldeko 18:00etan poetoa/correbars, Dalton´s Txaranga eta Bou de Reus-ekin. Hauetaz aparte Aitzuri Abesbatza, Cor Sageta de foc, Ball de Mossen Joan de Vic eta Debako erraldoiak giroa alaituko dute. 21:15etan Diables de Reus-en eskutik su erakustaldia egongo da plaza zaharrean. 22:00etan kontzertuak eskainiko dira karpan, horretaz Viverrids, Egurra Ta Kitto eta Dj Bull arduratuko dira.

Igandean, 11:00etan hamaiketakoa (salda eta pintxoa) egingo da karpan. 12:00etan Kataluniako egoera politikoaren inguruko solasaldia egingo da karpan, bertan Anna Gabriel (hezitzailea eta CUPeko diputatua), David Fernandez (kazetaria eta CUPeko diputatua) eta Martxelo Otamendi egongo dira. 14.00etan agurra egingo diete Reuseko gonbidatuei.

Rifa

Ostiralean eta atzo rifak saltzen ibili ziren komisiokoak. Lehenengo saria Buru Zurin bi pertsonentzako afari edo bazkariko zenbaki saritua 2.875 da, ordezkoa, 5.840. Bigarren saria, Koskan bi pertsonentzako afari edo bazkariko zenbaki saritua 9.056 da, ordezkoa, 6.165. Hirugarren saria , Ondargainen bi pertsonentzako afari edo bazkariko zenbaki saritua 9.899 da, ordezkoa 5.667. Telefono kontaktua 688 629 749 da.

Zubi Txiki eguna

Gaztelekuak, Zubi Txiki Guraso Elkartearekin batera olinpiada batzuk antolatu dituzte gaur 17:00etan plaza berrian. Ordu eta toki berberean, 'Seguru baietz' sentsibilizazio kanpaina antolatu da. Haur eta familientzako bide hezkuntzako bideojokoak eta joko erraldoiak egongo dira. Parte-hartzaileentzako, kanpainako oparitxoak banatuko dira.

Fotos

Vídeos