'Bizixo' balearen etorrerak bost eguneko Malen Jaiak iragartzen ditu

'Bizixo' balea itsasotik etorriko da berriro ere Intxirrira goizeko 11.00etan. / A.G.

Eslabaren salbea abestuko du Parrokiko Abesbatzak 19:30ean. Mandazketa danborrada 23:00etan abiatuko da

GORRITIBEREA MUTRIKU.

Salitreak izango du agian zer ikusia, kasua da gaur hasten diren Malen Jaiak, eguraldiak batere laguntzen badu behintzat, jendetsuak izango direla, eta horretan zer esan handia dute jaietako prestaketan parte hartzen duten guztiak.

Jaietako konpartsak indarrean jarritako 'Bizixo' balearen etorrerak bere lekua hartu du dagoeneko, eta gaur ere hainbat gazte izango dira goizeko 11:00etan Intxirrixan egongo direnak balea noiz etorriko zain. Arranplan jaso, Nasa kaletik Kamiño berrira eta hortik Atxukalera igoko dute eta behin Beheko plazara iritsi ondoren, pregoia, omenaldixa eta txupinazoa izango dute eta baita txosnen irekiera ere. 12.00etan triki-poteoa hasiko da, 14:00etan bazkaria Merkatu plazan, 17:00etan zumba jaialdi erraldoia Josuneren eskutik.

Bien bitartean, Txurruka plazan, 18:00etan ohiko Malen Jaien hasierako itxapleroa jaurtiko da, eta segidan Erraldoi eta Buruhandien konpartsa aterako da txistulariekin batera kalejiran. 19:00etan, Aldats elektrotxaranga aterako da eta 20:00etan bi ekimen izango dira; Txurruka plazan, ohiko Larrain Dantza herrikoia eta Beheko plazan manifestazioa falta direnak gogoratuz.

Salbea parrokian

Arratsaldeko 19:00etan Malen bezperako meza izango da parrokian Xabier Andonegi apaiz mutrikuarrak eskainirik, eta ondoren Hilarion Eslabaren salbea abestuko du Parrokiko Abesbatzak. Organoan Eduardo Yurrita arituko da, eta koruaren zuzendaritzan berriz Jon Lekube.

Baina eguneko zitarik nagusienetakoa gaueko 23:00etan puntuan izango da Mandazketa danborradari esker. Aurretik lau gastadoreak joango dira, ondoren lau abanderatuak, Itziar Galdos zuzendaria, konpainia desberdinak, Musika Banda Josean Pascualen zuzendaritzapean, eta azkenik sukaldarien konpainia Unai Centenoren zuzendaritzapean. 120 lagun eroango ditu danborradak eta aurtengoan parez pare izango dira gizonezko zein emakumezkoak. Eskainiko dituzten piezak berriz honakoak izango dira; kalean 'Donostiako Martxa' eskainiko dute, Beheko plazan; 'Diana', 'Iriyarena', 'Tatiago' eta 'Mutriku Erria', eta berriro ere Txurruka plazara iritsi ondoren, pieza guztiak eskainiko dituzte; 'Diana', 'Iriyarena', 'Tatiago', 'Polka', 'Retreta' eta 'Mandazketa' eta 'Mutriku Erria', bi hauek Zezilio Pagoaga autore mutrikuarrarenak. Danborradaren ordena hausteko unean berriz Pepe Andoainen 'Goiburu' pieza joko dute.

Danborrada amaitu eta berehala hasiko da Oihan Vega DJaren emanaldi berezia Txurruka plazan, eta Beheko plazan berriz Turtukiña taldea osatzen duten hiru emakume dj-en emanaldi berezia hasiko da ordubatetan.

Fotos

Vídeos