Baso ekoizpenari buruzko hitzaldia eskainiko du Joseba Arrietak Galdonan

Mubaek antolatutako ekimena ostiralean 20:00etan izango da

GORRITIBEREA MUTRIKU.

Mutrikuko Baserritarren Elkarteak antolaturik, hitzaldi interesgarria gauzatuko da hurrengo ostiralean, arratsaldeko 20:00etan, Galdona jatetxean, izan ere 'Baso ekoizpenaren onurak, kezkak eta ardurak' izenburua duen hitzaldia antolatu baitute. Aktualitate handia duen gaia izanik, Gipuzkoako Basogileen Elkarteko lehendakaria den Joseba Arrieta izango dute hizlari. Basoen onurak; produktuen eta zerbitzuen merkaturatzea, onura zuzenak eta beraien merkatua, zeharkako onurak, zerbitzu ekosistemikoak, gai horiek landuko dira atal honetan. Bigarren atal batean berriz, ekoizpenaren aurka dituzten zenbait aspektu landuko dituzte; gaitzak, izurriteak, suteak eta kalte meteorologikoak; Erkidegoak, Lurralde Historikoak edo eta Udalak dituen arauak; landatutako zuhaitzek sortutako kalteak eta erantzukizunak. Gonbitea lur jabeak diren guztiei luzatzen zaie, baserritarrak izan edo eta kaletarrak, baina baita inguruarekiko kezka duten guztiei ere, ateak zabalik izango baitituzte guztientzat.

Larunbatean XV. Herrikrosa

Asteburuan izango diren kirol eta kultur ekimen guztien artean, XV. Mutrikuko Herrikrosa jokatuko da 'Talaixa Triatloi Klubak' antolaturik. Ohi bezala bi ataletan jokatuko da kirol proba; batetik arratsaldeko 16:00etan, 600 metroko luzaera duen zirkuito batean, 9 eta 10 urteko haurrek parte hartuko dute; eta ondoren 1.200 metroko luzaera duen zirkuito batean 11 eta 12 urtekoak arituko dira. Helduen proba berriz arratsaldeko 17:00etan abiatuko da eta 10 kilometroko luzaera izango du. Txurruka plazatik abiatu eta kostako errepideko karril bat okupatuaz, Kasa Kanporaino joango dira korrikalariak eta ondoren itzulia izango dute. Haurrek doan izango dute parte hartzea, eta helduen berriz 10 euro ordainduko dute, baina inskripzioak proba hasi baino lehen egin beharko dute udaletxeko arkupetan. Aurten gainera nobedade bat ere izango da, izan ere Talaixa klubekoek, Alzheimerraren aurka aritzeko sortu berria den 'El Futuro es la Memoria' elkartekoen laguntza izango baitute.

Fotos

Vídeos