Auzolanean elurzulo bat balioan jartzeko asmoarekin

Zuhaitz horren azpian dago elurzuloa.
Zuhaitz horren azpian dago elurzuloa. / ANDER SALEGI

Uste baino baldintza kaskarragoetan dago horregatik aurreikusitako esfortzua baino handiagoa beharko da

ANDER SALEGI DEBA.

Elur eta izotzaren erabilera aintzin-aintzinatik izan da ezaguna, batez ere janariak eta edariak freskatzeko edota gaixotasun eta epidemiei aurre egiteko. Izotza garaiz kanpo hornitu ahal izateko elurzuloak erabili ohi ziren.

Euskal Herrian XV:mendetik aurrera, elurzuloak ugaritzen hasi ziren, hirietako jendearen eskariari aurre egiteko, eta hauen ustiaketa udal, monasterio edota komentuen esku egoten zen. XIX. mendearen amaieran , izotza argindarraren laguntzaz modu artifizialean egiten hasi zenean , elurzuloen gainbehera etorri zen, harik eta XX. mendeko bigarren hamarkadan bertan behera utzi ziren arte.

Elurra bildu eta denbora luzeagoan mantentzeko erabiltzen zuten prozesua honakoa zen; elurzuloko lurra landarezko jantzi batez estaltzen zuten. Gero, erortzen zen elurra mazoaz eta makilaz prentsatzen zuten hura trinkotzeko. Jarraian, adarrez estaltzen zuten zuloa bete arte, eta azkenik belar lehorrarekin estaltzen zuten.

Gure inguruan ere badaude elurzulo batzuk, Arrateko Sakonekoa Agiron, edota Xoxotekoa, baina agian hurre eduki arren ezezagunagoa da Elutzetakoa, Andutz magalean. Itxistan, Ibixa eta Tteleixa baserrien artean ustiatzen omen zuten garai batean eta bertatik Donostia, Zarautz edota Hondarribiraino garraiatzen zuten izotza, gauez eta mandoz. Elurzulo hau galduta dago, eta auzolanean konpondu eta ezagutzera ematea da asmoa. Lanak astelehenean hasi ziren zuloa hustutzen, neurriak hartzen etab. Hurrengo egunetan hormak konponduko dira, eta azkenik azalpen panelak eta seinaleak ipiniko dira.

Ekintza honen antolatzailea, Itziarko Auzo Udala izan da, beraiek arduratu dira segurotaz, basozaina, eta terrenoaren jabearekin hitz egiteaz. Danobaten laguntza ekonomikoa izan dute hau dena aurrera eramateko. Auzolanean burutuko da jarduna, Suhar Arkeologia taldearen gidaritzaz, baita ere 25 boluntario daude dagoeneko txandetan banatuta lanean. Oraindik lan asko falta da, eta unean uneko laguntza ondo etorriko da, horregatik baten batek parte hartu nahi badu oraindik aukera du horretarako 12 urtetik gorako edozein lagundu dezake eta harremanetarako telefonoa 627 693 632 da. Lan ordutegia, goizez, 9:30 - 14:00etara hamaiketakoa eskainiko da boluntarioei 11:30etatik 12:00etara. Arratsaldeko lan ordutegia galdetu egin beharko litzateke antolatzaileei.

Ibilaldia itsaslabarretik

Marearteko labar ekosistema aberatsa ezagutzeko aukera egongo da uztailak 9 igandean. Itsas izar, olagarro, itsas erbi, arrain... ikusteko aukera egongo da. Hegazti zein landareez ere gozatzeko aukera izango dute bertara gerturatzen direnak, bazter hauek ondo ezagutzen dituzten Aitor Leiza eta Asier Aldalur naturazaleen eskutik. Parte hartzaileak oinez abiatuko dira Itziarko plazatik 8:30etan (Elorrixako eliza aurretik 9:30etan). Txangoa Elorrixako haitzetatik Sakonetara izango da, ondoren Errotaberrin bazkaltzeko plana, nahi duenarentzat. Izena emateko eta argibideentzat imanta_m@hotmail.com helbidean edo 643 379 436 telefonoan egin beharko dira.

Fotos

Vídeos