Abenduaren 2tik aurrera berriz irekita egongo da Ondarroako gaztelekua

A.E. ONDARROA.

Hainbat hilabetez itxita egon ostean berriz ere ateak zabalduko ditu Ondarroako Errebala Txikiñe gaztelekuak. Larunbat eta igandeetan irekita egongo da, 17:00etatik 21:00etara, 12-16 urteko gazteentzat. Eragintza elkartearen eta Ondarroako Udalaren artean herriko gaztetxoentzat ekimenak antolatzen hasiko dira asteburuetan. Elkarren artean ikasi eta ondo pasatzeko aukera izango da, baita ekimenak proposatu eta antolatzekoak ere. Abendurako egitaraua prest dago ere: lehenengo egunean Gazteblai irekiera jaialdia izango da eta igandean, euskararen egunean, euskararen aldeko murala egingo dute gazteek eta hezitzaileek.

Abenduaren 9an gazteblai izango da eta 10ean arropa kustomizatzen ikasteko tailerra izango da. 30ean gazteentzako gabon jai berezia antolatuko dute ere.

Euskararen Eguna

Abenduaren 3an, domeka, 12:00etan Zaldupetik danborrada egingo dute. Aurreko urteetan moduan, Zaldupe eskola publikoko Hondar Ahua guraso elkarteak antolatu du.

Parte hartu nahi dutenek izena emateko hiru aukera izango dituzte: Ondarroako Udaleko 94-683 36 68 edo 94-683 36 78 telefono zenbakietara deituta, Turismo Bulegoan, Kurike, Kitxu edo Brontxe dendetan izena emanda edo guraso elkartearen webgunean izena emanda. Entseguak gaur asteazkena eta abenduaren 1ean egingo dira Zaldupe eskolako jolastokian: arratsaldeko 16:30etik 17:15era, eta 17:15etik 18:00etara.

Botaba lehiaketa

Euskararen egunaren harira, herritarrek euskararen alde hainbat bideo motz egitera gonbidatzen ditu Ondarroako Udalak. Bihar osteguna baino lehen Udal Euskara Sailera bidaltzeko gonbita zabaldu dute (mrey@ondarroa.eus) eta denon artean ostiraletik aurrera zabalduko dira.

Gazteak eta Labayru Fundazioak Botaba egitasmoa jarri dute martxan eta berau aprobetxatzeko deia egin du ere. Lehiaketaren helburua da euskal esamoldeak sare sozialen bidez zabaltzea.

Helburua da modu dibertigarrian euskal esamoldeei bultzada ematea. Hilaren 8an hasi zen eta gaur amaituko da. Astero erronka berri bat abiaraziko da, eta gai zehatz bat proposatuko da. Parte hartzaileek, gai horri lotutako esamolde bat aukeratu eta gehienez 20 segundoko bideoa egin eta Instagramera igo beharko dute #botaba traola erabilita. 'Atsegin dut' gehien jasotzen dituztenen artean epaimahai batek erabakiko du asteko bideo irabazlea. Sarien artean honakoak egongo dira: argazki-kamerak, diseinuzko egurrezko betaurrekoak eta taldean egiteko abentura askotariko esperientziak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos