Diario Vasco

Kamiñazpiko parkea eraberritzeko parte hartze prozesua abiatuko du Ondarroako Udalak

  • Otsailean abiatuko da parte hartze prozesua eta guztira 6 hilabeteko iraupena izango du

Kamiñazpiko parkea egokitzeko egingo diren lanak diseinatzeko, parte hartze prozesu berria jarriko du martxan Udalak. Herritarrek beraz, aukera izango dute, Kamiñazpin, zer nolako parkea nahi duten erabakitzeko. Prozesua dinamizatzeko Hirideak, diseinu eta parte hartze gaietan aditu taldea, eta haurren aisialdian aritzen diren Ondarroako bi lagunek osatutako lantaldearen laguntza izango du Udalak.

Biztanle guztien eskubideak bermatzeko hirigintzan ere ikuspegi barneratzailea txertatu nahi du Ondarroako Udalak. Hau da, jendartean aniztasuna barneratuko duen hiria diseinatu nahi du, horretarako genero ikuspegia aintzat hartuz, herrian parte hartzen duten eragile eta norbanako guztien iritzia jaso nahi du prozesu berritzaile honen bitartez. Hori gauzatu ahal izateko estreinakoz adin guztietako erabiltzaileei zuzendutako parte hartze prozesua jarriko du martxan udalak. «Herriko txikienak izango dira parkeko erabiltzaile nagusiak eta etorkizuneko Ondarroan biziko direnak, ezinbestekoa da beraien nahiak ere biltzea» gaineratu zuen Ondarroako Hezkuntza Batzordeko eta parte hartze prozesuko arduradunak. Aurkeztutako parte hartze prozesu berritzaile honek hiru ardatz nagusi izango ditu: haurren partaidetza, helduen partaidetza eta jarraipen batzordea. Berau hiru fase ezberdinetan garatuko da: diagnostikoa, diseinua eta sorkuntza bateratua.

Otsailean abiatuko da parte hartze prozesua eta guztira 6 hilabeteko iraupena izango du. Lan-saioak hiru zatitan banatuko ditugu parte hartze prozesuak eta urbanizatze proiektuak bat egiteko' gaineratu du De Andresek. Aurkezpena eta diagnostikoa egingo ditu Udalak lehenbizi, parkearen betebeharrak finkatzeko. Ondoren, bi saio izango dira diseinurako, herritarren proposamenei forma emateko, eta azkenik, sorkuntza bateratua burutuko da, non teknikariek eta herritarrek azken itxura adostuko duten. Prozesuari amaiera emateko, ekainean behin betiko proiektuaren aurkezpen publikoa egingo du Udalak.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate