Diario Vasco

Markina-Xemein eta Ziortza-Bolibar artean urteko azken mendi irteera igandean

Erakusketaren inaugurazioan izan ziren agintari eta herritarrak.
Erakusketaren inaugurazioan izan ziren agintari eta herritarrak.
  • Bazkide txartela berritzen bihardute aste honetan

Burumendi Mendizale Taldeak urteko azken mendi irteera antolatu du igande honetarako, hain zuzen Markina-Xemein eta Ziortza-Bolibar artekoa. 15,5 kilometrotan zehar, lau ordutako ibilaldi nahiko erreza antolatu dute; Markina-Xemeindik abiatu eta Ugarteko dorrea, harrobiak, Igotz, Larruz, 704 metroko altuera duen Urregarai gaina, Lekoiz, Zeinke, Gon-tzugarai, Ziortzako kolegiata, Kaltzada eta azkenik Ziortza-Bolibarrera jaitsiko dira. Desnibelari dagokionez, 940 metro izango dira gora eta 850 metro beherantz, eta amaitu ondoren Bolibarko 'Kanpape' tabernan bazkaria izango dute 25 euroren truke. Izena emateko epea luzatu egin dute eta gaur izango da azkena, horretarako ohi bezala 'Aparra' dendara joan beharko direlarik interesatuak. Gogoratu Markinara joateko autobusa goizeko 8:30ean izango dela Txanbolingo biribilgunean, eta dagoeneko 11 lagun apuntatu direla. Bestalde, astean zehar, iluntzeko 19:00etatik 20:00etara Euskadiko Mendi Federazioko txartela berriztatzen ari dira Frontoi kalean duten bulegoan. Guztira ehunen bat mendigoizale daude federatuak, beraz hauek berritu, datu aldaketaren bat ezarri edo eta baja eman beharko dute, baina bereziki eta mendian jende asko ibiltzen denez gero, guztiak federatuak edukitzea gustatuko litzaieke, are eta gehiago istripuren bat izanez gero guztia konplika daitekeelako. Eskaintzen dituzten aukerak ere zabalak dira, oinarrizkoaz gain eski alpinoa, snow-a edo eta mendi bizikleta egiten dutenak ere sartzen baitira.

Eskubaloikoen erakusketa

Hurrengo larunbata bitartean ikusgai egongo da 'Jauja' Eskubaloi Taldeko erakusketa Zabiel kultur etxean. Sorrerako dokumentuak ezik, argazkiak, garaikurrak, porteriak ere sartu dituzte eta baita bideoak ere proiektatzen dituzte. Joan zen ostiralean burutu zen aurkezpen ekitaldian hainbat datu interesgarri eman ziren, besteak beste nola sortu zen kirol elkartea 1986ko maiatzaren 26an, Arrate taldeko 'Musa' jokalariak nola lagundu zieten hasiera hasieratik, Patxi Pagoagaren oroimenezko partidak tarteko Barcelonako taldea zenbat aldiz egon den Mutrikun Valerio Riverari esker, eta beste zenbait xehetasun. Erakusketa egunero 18:00etatik 20:00etara bisita daiteke, eta larunbatean berriz Super Amara Bera Bera eta Prosetecnisa Zuazo taldeek arteko partida handia izango da kiroldegian. Azkenik, urte guzti hauetan zehar taldeetatik pasatu diren 88 lagun bilduko dira bazkaltzera 'Arkugain' elkartean.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate