Diario Vasco

Lapari talde irekia sortu da, herritarron artean galdera bat adosteko

  • Ehun pertsona inguru elkartu ziren igandean giza kate bat egiteko

Istorio batek hala kontatzen zuen « Badatoz! Olatuak datoz!- entzuten zen. Haitzei helduta eusten zieten itsasoaren astinduei. Gogor zetozen batzuetan, indartsuago beste batzuetan. Hala ere, atxikita eusten zioten itsaso haserreari. Baretu zen marea ordea, aldatu ziren hondartza inguruak, hondarra mugitu baitzen eta erasoak makaltzen joan ziren. Desagertzeraino. Ondorioz, haitz eta inguruak lehortzen joan ziren eguzkipean. Tartean, lapak firme mantentzen ziren haitzei. Egoeraren aurrean elkarri hurbilduz joan ziren lapak heze irauten zuen azken haitzaren inguruan. Urik ez zela iristen eta eguzkipean lehortuko zirela zioten batzuek. Beste batzuek ezetz, eusketo, mareak berriz itzuliko zirela. Baziren ondoko haitzetara joan nahi zutenak, esanez itsasertzetik gertuago olatuak errazago iritsiko liratekeela pentsatuz. Hurrengo mareak gogorragoak izango zirela zioenik ere bazen, eta itsasertzetik pixka bat urruntzeko eskatzen zuten. Isilik zeudenak ere bazeuden horien artean, ingurukoei entzunez. Adostasun batera iritsi ziren ea zer egingo zuten Laparin.»

Alegoria honetatik errealitatera etorriz, hainbat herritarron ekimenez Lapari erabakitzeko eskubidea errealitate bihurtzeko talde ireki bat sortu da Deban. Herritarron artean galdera bat adosteko eta galdera honekin herrian galdeketa egiteko helburuarekin sortu da talde hau. Horretarako ezinbestekoa izango da herritarren inplikazioa, hala, galdeketan parte hartzeko orduan, nola antolatzekoan ere. Arrazoi honengatik, pasa den igande goizean, ehun pertsona inguru Simon Berasaluze eta Plaza Zaharraren artean giza kate bat egin zuten. Ondoren plaza zaharrean, Josune eta Antton bakoitza leiho batetik bertso batzuk abestu zituzten. Amaitzeko, Lapari, talde berri honen aurkezpena egin zuten. Soinujoleak eta txistulariak giroa alaitu zuten momentu guztian zehar. Arratsaldean, Kultur Elkartean bideo emanaldi egin zen goizean grabatutako ekintzekin.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate