Diario Vasco

'Hizkuntzaren lurralderatzea' mahai ingurua Eibarren

Eibarko Markeskoa jauregia
Eibarko Markeskoa jauregia
  • Hizkuntza politiken eta lurralde politiken arteko harremanetaz jardungo dira

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) "Hizkuntzaren lurralderatzea" saio irekia antolatu du larunbatean, azaroaren 12an, Eibarko Markeskoa jauregian, UEUk berak bultzatzen duen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) berezko titulua den Lurraldea eta Hizkuntza: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa graduondokoaren baitan.

Hizkuntza politiken eta lurralde politiken artean dauden harremanetaz hausnartzea da mahai inguruaren helburu nagusia. Horretarako, hizkuntzaren lurralderatzea nolabait landu duten zenbait jarduera teoriko-praktiko aurkeztuko dira, eztabaidarako abiapuntu gisa: arnasguneen teoria, Ipar Euskal Herriko elkargo berriaren hizkuntza aukerak, Nafarroa Garaiko zonifikazioa eta atzerriko zenbait esperientzia interesgarri.

Ekitaldia 09:00etatik 14:30era izango da, UEUren Ikastetxe Nagusian, Markeskoa jauregian, eta Kontseiluko Iker Salaberriak (arnasguneen teoria), Maineko Unibertsitateko Eneritz Zabaletak (Ipar Euskal Herriko elkargo berriaren hizkuntza aukerak), Dabid Anaut euskara teknikariak (Nafarroako zonifikazioa) eta Kontseiluko Paul Bilbaok (nazioarteko esperientziak) parte hartuko dute. Moderatzailea Paul Bilbao bera izango da.

Mahai inguruan izena emateko zein informazio gehaiago eskuratzeko, idatzi a.latatu@ueu.eus helbidera.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate