Diario Vasco

EH Bildu eta EAJko udal taldeen artean eztabaida, zabor tasen igoera dela eta

Guztiek ados zeuden era honetako argazkiak desager daitezen.
Guztiek ados zeuden era honetako argazkiak desager daitezen. / GORRITIBEREA
  • Mankomunitateak ezarritako igoerarekin ados daude bi taldeak

Urriko osoko bilkuran onartu ziren hurrengo urtean indarrean jarriko diren udal tasak. Zabor bilketak bajan, Debabarreneko Zerbitzuen Mankomunitateak burutzen dituen gastuekin ados daude Udaleko bi talde nagusiek, baina ez ordea Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak altan kobratzen dituenekin. EH Bilduren iritziz, «Kantabriara zaborrak eramateagatik horrenbeste ordaindu beharraz ez gaude ados. Gehiago birziklatuko balitz, ez genuke hainbeste ordaindu beharrik izango. Eta hau hasiera baino ez da. Errauskailua martxan jartzen denean, auskalo zenbat ordaindu beharko den».

EAJ-PNVren iritziz «Gipuzkoako herri eta mankomunitate guztiek osatzen dugun Kontsortzioak ezar-tzen du igoera. Zaborrak Cantabriako Merueloko zabortegira eraman beharrak, eta garraiatzeak gainkostu handia du. Egoera hau urte betez bakarrik luzatuko da, Foru Aldundia eta GHK lanean ari baidira arazoari behin behiniko irtenbidea emateko». Horrez gain diote jeltzaleek egoera hau «EHBilduk Diputazioan lau urtetan eraman zuen politikaren ondorio zuzena da. Gipuzkoako Batzar Nagusietan gehiengo handiarekin babesa zuen zaborrak kudeaketa plana atzera bota zuten, zabortegiak ixtea erabaki eta aukerarik gabe utzi Gipuzkoa. Dena gelditu eta gainera konstruktora handiei 11 milloi euro ordaindu ezer ez egiteagatik». EHBilduk bi urtetan igoera banatzeko egin zuen proposamena eta azkenik onartu ez zena gogoratu ondoren, azpimarratu zuen «urtero etxe bakoitzeko 25 euro gehiago, baserrietan 20 euro gehiago, janari dendetan 80 euro gehiago eta beste dendetan 53 euro ordainduko dela». EAJ-PNVk berriz dio «EH Bilduk Gipuzkoan agintzen duten herrietan, Getarian adibidez %30eko igoera eta Errenterian %21ekoa onartu dutela».

Ondarbeltzeko zikinkeria

Mutrikuko hiru hondartzetako zikinak jaso eta trata-tzeko 37.500 euroko kreditu aldaketa eta gehigarria onartzea da beste ezadostasun puntua. EH Bilduk dio «bereziki Ondarbeltzen pilatzen den zikina kentzeko diru kopuru gehiago jartzeko beharrik ez dagoela, azken urteetan argi eta garbi erakutsi den moduan». Eta gehitzen du, «diru hori enpresa pribatu batek jasotzen du behar ez den lana egiteagatik» eta bukatzeko dio komunikatuan, «hau da paradoxa; enpresa pribatuari dirua barra-barra eman eta gastuak herritarren bizkarrera bota».

EAJ-PNVk bere aldetik aurtengo aurrekontuetan jarri zuten kopurua txiki gelditu zaiela aitortu ondoren, gogoratzen du; «Gipuzkoako hondartza guztiak Foru Aldundiak garbitzen ditu, hondakinak zabortegira isurtzea Udalek ordain-tzen dute. Mutrikuko kasuan, Azpeitiko Lapatx zabortegira, eta Lapatx ez da enpresa pribatu bat, Urola Erdiko Mankomunitatearena da, gehiengoa EHBilduk gidatzen duen Azpeitiko Udalarena».

Ondarbeltzera iristen den zakar kopuru handiak urtero kostua igotzea eragiten duela aitortu eta arazo horri irtenbidea bilatzeko Foru Aldundiarekin harremanetan daudela kostu hori murrizteko azpimarratu ondoren, gobernuan dagoen alderdiak dio; «Aurreko urteetan EH Bilduk hartu zuen erabakia, zakarrak Ondabarroko zabortegian pilatu eta inolako kontrolik gabe erretzea izan zen. Lehendik kutsatuta dagoen ingurua are eta gehiago kutsatuz».

Eta bukatzeko EAJ-PNVk dioenez, «ez gaude prest Ondabarro, hondartzetatik jasotako hondakinak pilatu eta su emateko gune bihur-tzeko».

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate