Diario Vasco

Mutrikuko sokatira taldeak Xalbadorren Eguna ekimenean parte hartuko du

Sokatira taldekoak Urepelen izango dira.
Sokatira taldekoak Urepelen izango dira. / A. G.
  • 21 kide joango dira Urepelera asteburuan gauzatuko diren ekimen desberdinak antolatu eta parte hartzera

Duela 12 urtetik honera, Mutrikuko Sokatira Taldea Xalbadorren Eguna antolatzen duen Deiadarra elkartean partaide da, eta aurtengoan ere 21 kide joango dira Urepelera asteburuan gauzatuko diren ekimen desberdinak antolatu eta parte hartzera. Aurten gainera urtero antolatzen duten omenaldia atzeratu egin dute, izan ere urriaren 12aren inguruko zubia aprobetxatuz antolatzen zuten aurrekoetan, eta bestetik Xalbadorri eskain-tzen zitzaion omenaldia aurtengoan Emile Larre eta Teodoro Hernandorena euskaltzaleei ere zabaldu diete.

Gauzak horrela, larunbatean, 18:30ean, Aldudeko antzerki taldeak 'Larrazkeneko Loreak' lana eskainiko dute bertako eskoletan, eta 21:00etan, Kepa Junkera eta Sorginak taldearen emanaldia izango da herriko plazan.

Igandekoa ere polita izango da, izan ere 9:00etan Xalbadorren etxola bisitatuko dute. Ordubeteko ibilaldia burutu ondoren, bertan artzain lanetan nola aritzen zen, bertatik dauden ikusmirak eta baita ogitarteko bat ere izango dute bertaratzen direnek. Herrira itzuli ondoren meza izango da 10:30ean eta 11:15etik aurrera hiru omenduei buruzko hi- tzaldia eskainiko du Joxemari Iriondok.

13:00etan, herri kirol saioa izango da Donazaharre eta Mutrikuko kirolarien artean. Bost akzioetara arituko dira; trontzan, sokatiran, segan, lasto altxatzen eta orga jokoan. Bazkaria 14:00etan hasiko da eta bazkalostean, mahaitik altxatu gabe, bertsolarien saioa izango da. Bertan izango dira Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Juan Jose Eizmendi 'Loidisaletxe' eta Joxe Luis Gorrotxategi. Guztiek ere erromeria giroan bukatuko dute omenaldia, baina zalantzarik gabe, Mutriku eta Urepel artean sortzen ari den ezagutza eta elkarteratzea da garrantzitsuena.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate