'Ez dok hiru' antzezlana Zelai Arizti aretoan izango da gaur gauean

'Ez dok hiru'. Lanaren irudi promozional bat./
'Ez dok hiru'. Lanaren irudi promozional bat.

Tartean konpainiako Patxo Telleria eta Mikel Martinez dira protagonistak

M.F. ZUMARRAGA.

'Ez dok hiru. Euskal musikaren benetako istorioa' an-tzezlana Zelai Arizti aretoan izango da gaur gauean (22.30). Publiko helduari zuzendutakoa, umorezkoa, euskaraz. Patxo Telleriak testuak sortzeko eta Mikel Martinezek, eta Telleriak berak, zuzenean antzezteko duten estilo paregabearekin.

«'Ez dok hiru' eszenatokietara itzuli da, Euskal Herriko imajinario musikalaren errepaso ironiko, absurdu eta dibertigarria eskaintzeko. Oraingo honetan, bikoteak beste hiru musikari-aktorekin partekatuko du taula, hitzari, bere ohiko tresna eszenikoari, zuzeneko musikaren indarra gehiturik», diote Tartean konpainiatik.

'Ez dok hiru', kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala da. «Gure modukoa, eroa, deskonzertantea, irrigarria azalez... Baina azal horren poro bakoitzari geure musikarekiko maitasuna dario».

«Zenbat euskal kanta ezagutzen dituzu, zahar edo berri? Kalkulua egin duzu inoiz? Ziur gaude uste duzuna baino askoz gehiago direla. Ikuskizun honetan berrehun baino gehiago agertzen dira (zatiak, noski!) eta denak ez bada gehienak, ezagun egingo zaizkizu.Gure musika ondarea, altxor bat da, gure memoria historikoaren lekuko emozionala», diote.

Tartean teatroa ibilbide luze eta sendoa duen antzerki konpainia da. Jokin Oregi, Patxo Telleria eta Mikel Martinez dira proiektu honen buruak. «Taldearen ezaugarririk nabarmenena sorkuntza da: taldeko kideek sortutako testu eta ideiekin eraikitzen dira ikuskizunak. 'Ez Dok Hiru'-ren proposamenaren indarra euskara, hitza, humore eta antzezpenean datza».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos