Zorri, barraskilo eta bareekin kontuz ibili behar da baratzean

Zuhaixkak. Larrosaren lehen hostoak. / IGARTUBEITI
Zuhaixkak. Larrosaren lehen hostoak. / IGARTUBEITI

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Eguberria gainean dugu, eguraldia hobetzen doa eta hemendik gutxira lorak eta fruituak nonahi ikusiko ditugu Igartubeitin. Denbora bada Igartubeitikoek baserriko baratzea lantzen hasi zirela, poliki poliki eta Jakoba Errekondoren aholkuek ere bizi bizi mantentzen laguntzen dute.

«Martxoaren erdin, gau eta egun berdin», dio esaerak. «Udaberriak indarra ekarriko die gure baratzei, beraz, urteko landaketa garrantzitsuenei ekiteko garaia iritsi da. Aurretik nahastu ditugun kare eta ongarriak lurrarekin doi-doi nahastu behar ditugu lehendabizi, landaketak egin aurretik», azaltzen dute baserritik.

Zerba edo azelga landatzeko garaia da. Gaur egun ezagutzen edota kontsumitzen ditugun zerba mota ezberdinen jatorria hauen familiako beste zerba basati batean dute, baita erremolatxak ere. Izatez Mediterraneo aldekoak diren arren, klima hotzagoa eta umelagoa duten lekuetan ere ederki asko etortzen da. Gaur egun barietate edota kolore ugarikoak daude, eta ohikoa bihurtzen ari da lorategietan landatzea ere, kolore ezberdinak lortzeko.

«Baina udaberriarekin etorriko den leherraldia ez da landareetan soilik gertatuko. Izurrite eta aurkariak ere sasoi honetan iratzarriko dira (barraskiloak, bareak, zorriak...). Beraz hauei aurre egiteko ere prestatu beharko dugu», diote Igartubeititik.

Zorriak akatzeko aurkari naturala dugu amona mantangorria, beraz azken hauek ondo zaindu gure inguruetan. Bestalde salbia, erromeroa edo albahaka landatu dezakegu baratze inguruan zorriak uxatzeko. Bestetik, baratzuriarekin edo tabako belarrarekin egindako salda banatu dezakegu ere zorria duten landareetan, beti ere xaboi pixka bat nahastuz.

Barraskiloak eta bareak uxatzeko ere aholku batzuk luzatzen dizkigute baserritik: lurrean zuloa egin eta pote ireki bat jarri garardoz eta urez beteta. Garagardoak erakarrita pote barruan geldituko dira. Edota baratze inguru guztian su-hautsa, errautsa edo txikitutako arrautzak zabaldu, honek azala erretzen baitie; usainbelarrak landatzeak ere badu bere eragina.

Baratzea

Baratzea zaintzen jarraitzeko, hilabete hasiera honetan ere Jakoba Errekondoren aholkuak zabaltzen dizkigute Igartubeititik.

«Baratzean landatuta ditugun landareak estalkiren batekin babestu behar ditugu, izotzak erabat izorratu ez ditzan», dio Errekondok. Loreontzietan ditugun landareak babesera eraman beharko ditugu, estalpe azpiren batera.

Egin beharreko lanen artean baratzeko belarrak kendu eta tarteka lurra arrotu beharko dugu aitzurrarekin, urak errazago zirkula dezan. «Lurra babestu eta deskantsatzen utzi beharko dugu. Landatu gabeko lurrak simaurrez estali, beldurrik gabe», dio adituak. Sutako hautsa, kare hautsa edo hondarra gehitu lurrari, harrotzeko.

Orbel garaia amaitzear da eta hau biltzearen gomendioa luzatzen dute Igartubeititik, konposta egiteko, azpitarako... «Hazitarako utzi ditugun fruituak ongi zabaldu eta lehortzen utzi behar ditugu. Bestetik, neguko zenbait lora landatzeko garaia da: lilipa, nartzisoa, irisa, pentsamendua... Eta aldi berean ere, hostoa galtzen duten zuhaitz, zuhaixka eta abar landatzen hasi gaitezke. Izotza baldin bada ez egin landaketarik», diote.

Azkenik, fruta arboletan ustelduta geratu diren fruituak kendu eta erreko ditugu; podaketa ere egingo dugu, eta podatu ditugun adarrak aldaxkak bezala landatu ahalko ditugula diote baserritik.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos