Zeltiar musika kontzertua igandean Alkizako Urmara museoan

NÚÑEZ ALKIZA.

Urmara museoak laugarren urtez Grap-hik! topaketak antolatu ditu, papera, teknika-grafikoak eta artista liburuen inguruan. Igandean emango zaie hasiera topaketei zeltiar musika kontzertuarekin. Oihane Igerabide harpa-jotzailea, Iñaki Telleria perkusionista eta Martí Varela biola-jotzailea arituko dira emanaldian. Kontzertua 12:00etan hasiko da eta guztientzat irekia izango da.

Ondoren bazkaria izango da nahi duten guztientzako: oilaskoa eta barazkiak brasan, postrea, edaria eta kafea, 10 eurotan. Bazkaltzera geratu nahi dutenek 609.465.942 telefono zenbakira deituz edo mail@urmara.com helbidera mezua bidaliz izena eman beharko dute, lekua mugatua baitago. Nahi dutenentzat menu begetarianoa ere egongo da.

Grap-hik! topaketak hilabete guztian egitarau zabala izango dute. Abuztuak 1etik 5era xilografia tailerra izango da. Tailerra hasiberri zein profesionalei zuzendua dago eta bertan gaur egungo grabatuak aztertu eta egingo dituzte.

Abuztuaren 5ean ere, 'Komikien sorkuntza gaur egun' tailerra izango da Felix Aizpuruaren eskutik. Komikien inguruko tailer praktikoa izango da, teknika ezberdinen erakusketa eta bideo emanaldiarekin. Bi saio izango dira, eguerdiko 12:30ean eta arratsaldeko 16:00etan.

Tailerretan izena emateko edo informazio gehiagorako mail@urmara.com mezua bidali edo 609.465.942 telefono zenbakira deitu beharko da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos