Zazpigarren postu bikaina lortu du Aranburuk Gevaudan-go itzulian

Aranburu. Geroz eta emaitzak hobeak lortzen ditu txirrindulari gazteak. /  A.A.
Aranburu. Geroz eta emaitzak hobeak lortzen ditu txirrindulari gazteak. / A.A.

MIRYAM GALILEA EZKIO.

'Tour du Gevaudan' delakoa izan da Alex Aranbururen azken erronka, bi etapaz osaturiko lasterketa hau aurreko larunbata eta igandean aurrera eraman zelarik Fran-tzian, eta honetan ere emaitza bikainak lortu dituelarik ezkiotar gazteak.

Itzulia bi etapa motzek osatzen dutela azaltzen digu txirrindulariak, motzak izanda, oso menditsuak eta politak suertatu zaizkiolarik. «Lehenengo egunean 140km genituen aurretik eta goran amaitzen zen, mendate baten amaieran. Lehen mailako hiru mendate genituen lasterketan zehar eta azkenengoan zegoen helmuga», azaltzen du Aranburuk.

«Lasterketa oso azkar joan zen ihesaldi bat egin zelako eta pelotoiak ez ziolako baimenik ematen. Azken aurreko mendatean hamabost bat laguneko aukeraketa bat egin zen goraka eta horietatik azken momentuan lau txirrindularik metro batzuk hartu zituzten. Taldeko Molina eta ni bigarren multzo honetan gindoazen eta aurrekoekin bat egiteko lan gogorra egin behar izan genuen azken portura bitartean», dio.

«Azken portuaren hasieran egin genuen aurreko laukotearekin bat eta ahal zen eta azkarren igo nuen azken mendatea, baina ez zen posible izan» dio Aranburuk. Hala ere postu bikainean zeharkatu zuen helmuga, 8. lekuan hain zuzen; Molina Caja Ruraleko taldekidea 5. postuan sartu zen.

Bigarren etapa ere nahiko gogorra izan zela aitortzen du txirrindulariak. «Bi mendate genituen eta bakoitza bi aldiz segidan igotzen genuen. Azken mendatea oso gogorra zen %11 inguruko batazbestekorekin eta 3-4km luze. Pelotoia erabat txikitu zen azken mendate honetan, baina helmugara 20km zeuden. 'Mende' mendatea zen azken hau. Menden azken metroetan beste laukote batek metro batzuk hartu zituen eta berriz ere atzetik lana egitea tokatu zitzaigun niri, Molina eta Roson taldekideari», gogoratzen du. «Hirurok erreleboka joan ginen lasterketaren azken metroak arte. Helmugatik 300 metrotara harrapatu genituen ihesean zihoaztenak eta orduan esprintean ez genuen ezer handirik egin. Nahiko lan bagenuen...», dio. Horrela, bigarren etapa honetan 9. postuan zeharkatu zuen helmuga Aranburuk. Sailkapen generalari dagokionez zazpigarren postuan kokatu zen ezkiotarra, gazteen mailaneta segundu gutxira bigarren sailkatuz. «Nahiko gustura bueltatu naiz. Kontuan hartuta beldurrez joan nintzela katarro pixka bat nuelako eta erdi gaixorik egon nintzelako aurreko astean», aitortzen du. Eta atseden askorik hartu gabe, asteburu honetan berriro ere izango du lasterketa, oraingoan 'Tour du Vendee' delakoan parte hartuko duelarik. «Berriz ere Frantzira bueltatuko gara. Aurtengo azken frantziar lasterketa».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos