Zapore bikaina utzi dute festek

Irabazleak. Iribar, lehenengo; Sarasola, bigarrena; eta Azparren, hirugarren. / ARGAZKIAK GALILEA

Unai Iribar izan zen junior mailako Santa Lutzi Txirrindulari Probako irabazlea

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Ekainaren 24an entzun genuen txupinazoa Santa Lutzi auzoko San Pedro jaiei hasiera emanez eta geroztik, aurreko larunbata arte ekintza ugarietan parte hartzeko aukera egon da bertan, festek utzitako zaporea bikaina izan delarik.

Txapelketak, jolasak, dantza, musika... adin guztietara zuzendutako ekintzak bildu ditu aurtengo egitarauak, honi amaiera larunbatean arratsaldean eman ziotelarik, XVI. Junior Santa Lutzi Txirrindulari Proba ospatuz.

Guztira 90 txirrindulariek inguru parte hartu zuten honetan, hauek 81,7 kilometroko ibilbidea osatu zutelarik. «Eguraldiak lagundu du, euri oso gutxi izan dugu eta istripu larririk ere ez da egon; erorketa txiki bat besterik ez. Inoiz baino jende gehiago egon dela anima-tzen antzeman dugu, Eitza eta Atagoitin adibidez», azaltzen zuten antolatzaileek.

Proba amaituta lehen sailkatuak podiumera igo ziren: lehenengo saria eta txapela Limousin taldeko Unai Iribarrentzat izan zen; bigarrena Victor-Álvaro taldeko Jokin Sarasolarentzat; eta hirugarrena Ampo taldeko Xabier Azparrenentzat. Mendiko saria ere Unai Iribarrek jaso zuen eta taldearen saria Victor-Álvarorentzat izan zen.

Aurtengo proba EzkiON Martxan sortu berri den kirol klubak antolatu du eta bai Ezkioko Udala, babesle, laguntzaile, txirrindulari eta herritar guztiei eskerrak eman izan nahi dizkiete emandako laguntzagatik.

Eta sariak banatuta, jaiei agur esateko, puzgarrietan saltoka jarrai-tzeko aukera izan zuten txikiek, beharbada, aurtengo protagonistak.

Fotos

Vídeos