Zainzuriak eta txertaketak, otsaileko protagonistak

Baratzea. Zainzuriak landatu eta txertaketak egiteko garaia dugu otsaila./IGARTUBEITI
Baratzea. Zainzuriak landatu eta txertaketak egiteko garaia dugu otsaila. / IGARTUBEITI

Otsaila hotzetik edo epeletik doan markatuko ditu baratzeko eta inguruko lanen erritmoak, Igartubeititik azaltzen dutenez

MIRYAM GALILEAEZKIO.

Bizi bizirik jarraitzen du Igartubeitiko baratzea, eguraldi aldaketei gogor helduz, eta kontu handiz zainduta garai bakoitzeko beharrak asetuz fruitu eta landareak hazten jarraitzen dutelarik bertan. Denbora bada Igartubeitikoek baserriko baratzea lantzen hasi zirela, poliki poliki eta Jakoba Errekondoren aholkuak ere jarraituz fruitu ederrak lortu dituztelarik orain arte.

Esan daiteke badatorrela udaberria, hilabete eskas geratzen da egutegiaren arabera. «Landareen lehen izerdiak mugitzen hasi dira, pizkundea hasi da. Hortik datozkigu baita ere otsaileko zenbait erritu edota sona zabala duten euskal inauteriak eta beste zenbait ospakizun ere. Udaberria badator bai, baina ez gaitezen aurreratu», diote Igartubeititik. «Otsaila hotzetik edo epeletik doan, horrek markatuko dizkigu baratzeko eta inguruko lanen erritmoak. Izan ere, honek lanak azkartu edo atzeratu egingo dizkigu eta. Oraingoan ere inguruneak aginduko digu, beraz patxadaz hartu...», diote.

Baserri pareko baratzean landatutakoetan eta landatu ditzazkegunetan erreparatuz, otsailean gure baratzeetan zainzuria landatu genezakela gogoratzen digute baserritik.

«Gainera, bizipoza emango digu, lekua behar duen arren uzta oparoa eskainiko baitigu. Urte luzeko landarea da, beraz ongi pentsatu non landatu, urtero lurpean gorde eta berriro lurrazaleratzen baita. Eta ez baditugu mozten, landare berria osatzen dute uda garaitik aurrera», diote. Landatzeko lekuari dagokionean, zainzuriak lur harroa behar du (lur itxia eta lokaztia bada gaizki ibiliko da), eguzkia eta babesa. Zainzuriarentzat lurra gogotik prestatu behar da: simaur zahar ugari bota eta geroago karea edo sutako hautsa zabaldu.

Eta azkenik erreka inguruetako lur edo hondarra gehitu edota silize harrobiren bateko hondarra. Otsailetik apirilera bitartean landatu daiteke. «Errenkada handi bat ireki, 35zm-ko sakonerakoa. Oinarrian 5cm lur beltza zabaldu. 50zm-ko tartean lur tontortxoak egin. Tontorrean bertan zainzuri landarea jarri (sustrai multzoa izango dena) eta dena ongi estali lur harroarekin. Kimu berriak sortu ahala lur gehiago bota beharko zaio, ongi estalirik egoteko. Lehen bi urteetan komenigarria da ez uztarik biltzea, honela sustraiak indartu egingo baitira. Hirugarren urtetik aurrera jaso», azaltzen dute pausoz pauso.

Zainzuriak zuriak jaso nahi badira lurrazalean agertu aurretik jaso beharko dira, bestela berdetu egingo dira. Udaberria iritsi baino lehen, iazko urtean jaso ditugun haziak ereiten hasteko garaian gaude.

Txertaketak

Lehen izerdi kolpe garrantzitsua aprobetxatuz, otsailan txertaketak egin ditzazkegula gogoratzen digute Igartubeiti baserritik. «Baserriaren izaera kontutan izanik, sagarrondoaren txertaketa hartuko dugu adibide gisa. Txertaketaren bidez bi landare ezberdin elkarrekin uztartuko ditugu, ondoren zuhaitz edo zuhaixka bat bilakatuko dena.

Bi zati ezberdindu behar dira: mentuoina edo patroia, oinarri bezala erabiliko duguna, eta sustraien bidez lurretik elikagaiak hartuko dituena; eta txertoa, mentuoinari itsatsiko diogun aldaxka edo kimua, zeinetan elikagai eta izerdia hosto, lore eta sagar bilakatuko den. Mentuoina, hazitik etorri den sagarrondo landarea da, metro bete inguru edo hazi dena. Ez dakigunez zein sagarrondo mota den, egingo duguna honako hau izango da: batetik, sagarrondo hau enborretik moztuko dugu; eta bestetik, sagastian dugun sagarrondo barietate jakin batetik, eman berri duen aldaxka edo kimu berri bat moztu eta mentuoinean txertatuko dugu.

Bi landare zatien izerdiak elkar nahastu behar dira, txertaketa ondo atera dadin. Izerdia azalaren azpian dagoenez, azala altxatu beharko diegu, elkarri izerdia eman eta hartzeko moduan egon daitezen. Honela, mentuoinean zauri txiki bat irekiko dugu enborrean, eta bertan txertatuko dugu adar/kimu berria. Zauria ondo sendatu behar da, eta horretarako erretxina eman behar zaio eta bi zatiak ongi uztartu arte lotu egingo dugu, eta babesean eduki. Mentuoin batean txerto bat edo bi jarri daitezke. Honela, etorriko den zuhaitz berriak kimua kendu diogun zuhaitz horren fruitu berbera emango digu. Helburu hori baita, nahi dugun barietate jakin bateko sagarrondoa lortzea», azaltzen dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos