«Ya somos villa, ya tenemos el poder»

Pikota. Garai hartakoa da, gaur egungo udaletxe parean kokatuta dagoena. / GALILEA
Pikota. Garai hartakoa da, gaur egungo udaletxe parean kokatuta dagoena. / GALILEA

Baserrien jabeek bozkatu zuten soilik eta Probintziak parte hartu behar izan zuen erabakia hartzeko. «Villa» tituloa erosi eta udaletxearen kokapena adostu behar izan zuten: goiko auzoan edo Anduagan

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Ezkioko historiaren dokumentuak aurkitzea ez da lan erraza, jasota dagoen informazio gehiena Anduagako Ama Birjiniaren agerraldien garaikoa izanik. Baina Koldo Argandoñari esker, historialaria eta Urretxuko artxibozaina dena, «villa» sortu zeneko dokumentuak aztertu eta lehenengo urte horietako azalpen zehatza eta interesagarria ezagutzeko aukera izango dugu gaur arratsaldean herriko Udaletxeko goiko aretoan.

'Ezkioga, hiribildua gara, badugu agintea (ya somos villa, ya tenemos el poder). XVII. mendea (1640-1680)' izenburupean aurrera eramango da hitzaldia gaur arratsaldeko 17:30ean udaletxeko goiko solairuan, honetan gure historiaren pasarte garrantzitsu eta benetan interesgarriak ezagutzeko aukera egongo delarik. «Marilu Pildain zinego-tziarekin hizketan, herriaren historia ezagutzearen nahia azaldu zidan. 'Zuk arakatu duzu historia eta Ezkiokoa ezagutuko duzu', esan zidan. Egia esan horretaz gutxi nekien baina handik bizpahiru astetara Lazkaoko artxibora joan behar izan nuen eta bertan topatu nuen hariaren punta: hortik tira egin eta datu eta gertakizun interesgarri ugari aurkitu ditut», azaltzen du Koldo Argandoña historialariak.

XVII. mendea (1640-1680 urtean) izan da aukeratutako tartea ikerketa honetarako, hortxe ezkiotarrek «villa» tituloa erosi zutelako. Argandoñaren esanetan, garai hartan herri ugarik erosi zuten villa tituloa, hauen artean Ezkio. Usurbil izan zen lehenengo herria gartzela izatea eskatu zuena eta orduan Batzar Orokorrek ondorengoa erabaki zuten legez: momentu hortatik aurrera villa berri guztiek gartzela izan behar zutela; eta hor hasi zen gatazka.

«Ezkioren borroka goiko eta beheko auzoen artekoa izan da beti. XVII. mendean erosi zuten villa tituloa eta bete beharren artean gartzela zegoen. Garaiko alkateak, ezagutzen dugun alkatearen lana betetzeaz gain 'juez ordinario' zelakoa ere bazen eta horrez gero Udaletxearen beharren artean eskribaua eta gartzela zeuden», azaltzen du Argandoñak.

Mihatutako artxiboek diotenez, bi alde oso desberdin azaldu ziren gartzela eraikitzeko beharrarekin batera: Anduaga auzokoena (Santa Lutzi), eta bestetik Ezkio goiko auzokoena. Momentu horretan alkatea goiko auzokoa zen. «Bi jarrera desberdinekin joan ziren Azpeitiko Batzar orokorretara: goikoen jarreraren alde alkatea joan zen (Osinalde behekoa zen) eta behekoen alde Juan de Igarzabal herritarra. Norberak udaletxea eta gartzela beraien auzoan egotea defendatu zuen», dio.

Anduagakoek beraien arrazoiak zintzo defendatzen zituzten: Errege galtzada Anduagatik pasatzen zen, komertzioa eta industria... Beraz bertan udaletxe berri bat eraikitzea zen aukerarik onena.

Goiko auzoko bizilagunek ere zintzo defendatzen zuten beraiena: «villa» tituloa erosten diru mordoa gastatu ondoren eraikuntza berri bat egiteko aukerarik ez zuten mahai gainean jarri nahi. Gainera, auzoan Barrenetxea zeukaten, bertako familiak Udalari emandakoa eta bai udaletxea eta baita gartzela koka-tzeko ere oso aproposa.

Herrian zegoen iskanbila ikusita, eta erabaki bat hartzeko egongo ziren zailtasunak ikusirik, Batzar Orokorretik bi administrari edo teknikari bidali zituzten herrira.

Garai hartan eta XVII. mendera arte elizako kanpaidorrearen azpian dagoen gelan ospatzen zituzten herritarrek bilera, meza ondoren. Eta hantxe elkartu ziren gaia eztabaidatzeko.

«1665. urteko maiatzaren 31n igandea, meza nagusia ospatu ondoren, herria bildu eta Probintziaren aldetik etorritako administrariak ere elkartu ziren. Beheko auzokok galtzadaren garrantzia defendatzen zuten. Errege galtzadaren ondoan etxe bat eraiki nahi zuten. Erosi terrenoa eta eraiki, betirako udaletxea izanik. Goikoek berriz, villa tituloa erosi berri, sekulako dirutza zela eta mailegua oraindik ordaindu gabe zutela aitortzen zuten. Goran etxe aproposa egonda, Barrenetxe, balioko zuela bai udala bai gartzelarako. Pisuzko arrazoiak bietan», dio historialariak.

Artxiboetan jasotako informazioaren arabera, teknikariak konturatu ziren oso zaila izango zela erabaki bat hartzea eta horrez gero bozketa bat egin zuten.

Bozketa

Garai hartan, baserrietako jabeek soilik zuten bozkatzeko aukera, eta horrela egin zuten. Bozketan goiko etxearen alde 20 boto atera ziren eta beheko etxe berriaren alde 18 boto, baina botoa emateko lau familia falta ziren, beraz, hurrengo egunean elkartuko ziren berriro ere bozkatzeko.

«Beheko auzoan ospe handiko pertsona bat zegoen, capitán Domingo de Aramburu Altolagirre Anduaga (Anduondikoa-Anduaga Handi), Anduagako mayorazgoaren jabea. Beheko auzo guztia berea zen, hemeretzi baserri bere jabetzan zeudelarik. Hala ere, boto bakarra zuen», dio Argandoñak.

«Bi aldeak arrazoia zeukaten baina progresoa beheran zegoen», dio. Horrela, hurrengo egunean berriro elkartu ziren herritarrak elizdorrean eta falta ziren lau familiek goiko etxearen alde bozkatu zuten, guztira 22 boto lortuz. Bi teknikariak (Don Ignacio de Agirre eta Don Joaquín de Mendizábal) goiko etxe eta beheko terrenoak ikustera joan ziren.

Hurrengo egunean ekainaren 1ean bildu ziren berriro sententzia ezagutzeko. «Dorre kanpaiaren azpian elkartu ziren berriro. Miguel de Zumalakarregi zen garaiko eskribaua. Epaiketetan bezala, azken disposizioak aurkeztu zituzten, bertan norberak uste zuena defendatu zuelarik. Berriro ere akordiorik ez zela egongo ikusita, erabaki bat hartu zuten», azaltzen du.

Erabaki honekin auzo bakoitzari zerbait emango zioten: «Que todos los ayuntamientos que hiciese la villa se hagan en la casa Barrena», izan zen lehenengo erabakia, alde batetik etxea egina zegoelako eta bestetik botoen gehiengoa zuelako (24 boto).

Bigarren erabakia ondorengoa izan zen: alkatea izendatzeko garaian (urtean behin egiten zen San Migel egunean), eta aukeratutakoa goiko auzokoa tokatzen zenean, bilerak, gartzela eta guztia Barrenetxean izango ziren; baina alkatea beheko auzokoa zenean (Anduaga), bilerak Barrenetxean mantenduko ziren baina gartzela etxez etxe pasatu beharko zen udaletxerako eraikuntza berria egin arte.

«Beraz, erabakia hartuta, goiko auzoan finkatu zen Udaletxea eta gartzela, eta momentu horretan ez zuten eraikuntza berririk egin», azaltzen du Koldo Argandoñak.

Historia honen hasiera ezagututa, galdera ugari etortzen dira burura: zergatik udaletxea gaur egun Anduagan dago (beheko auzoa)? Noiz eraiki zuten beheko lehenengo udaletxea? Eta urtetan aurrera eginez gero, Santa Lutziko azoka Ezkion ospatzen zela jakinda, noiz eta zergatik igo zuten Zumarraga-Urretxura ospakizuna?

Galdera hauek guztiak gaur arratsaldean erantzungo ditu Koldo Argandoña historialariak, bertaratzen diren herritarrei antzinako atea zabalduz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos