Utah-ko Tourrean lan bikaina egin du Alex Aranburuk Caja Ruralekin

Aranburu aurkezpenean.

Lehenengo aldiz horrelako lasterketa batean parte hartu arren 40. postu bikaina lortu du gazteak sailkapen orokorrean

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Ordiziako Klasikan parte hartu ondoan, etxe ondoan, egazkinean sartu eta Estatu Batuetara bidaiatu zuen Alex Aranburu, bertan azken egunetan Utah-ko Tourrean parte hartu duelarik. Zazpi egunetan zazpi etapatan arituz, lan bikaina egin du oraingoan ere ezkiotarrak.

«Zazpi etapa genituen Estatu Batuetatik eta denak nahiko gogorrak ziren bertako altuerarengatik. Errepide oso zabalak eta desberdinak ziren bertakoak, mendateak kurba gutxikoak eta zuzengune askokoak ziren. Hemengoekin alderatuz oso desberdinak. Eta guztietan desberdintasun nagusia bertakoa altuera zen. Mendate batzuetan 3.000 m ere pasa genuen. Nahiz eta Andorran alturan prestaketa egin desberdina zela nabaritu nuen. Ez zait hain erraza egin bertara egokitzea eta sufritzea tokatu izan zait lasterketa askotan», azaltzen du etxera bueltatu berri den Alex Aranburuk.

«Lehenengo egunean esprintera ailegatuko ginela bagenekien. Lasterketaren erdian mendate luze eta gogor bat zegoen baina helmugatik 50km-ra zegoenez pelotoia berriz ere elkartu zen eta jende dexente sartu ginen denbora berdinean helmugan», dio. Lehenengo etapa honetan 15. postua lortu zuen ezkiotar gazteak, taldekide bati lagunduz. «Esprintean Justin Oien amerikarrari laguntzea tokatzen zitzaidan eta azkenean nik 15. eta berak 16. amaitu genuen», kontatzen du.

Bigarren etapa gogorragoa suertatu zitzaion eta mendate batean amaitzen zen. «Han aurreneko taldetik 50 segundura amaitu nuen. Denbora apur bat galdu nuen eta sufritzea tokatu zitzaidan», Aranburu. Hirugarren etapa berriz erlojupekoa zen; 9km-ko kronoeskalada. Etapa hau ere ia 3000metrora amaitzen zen. «Oso gogorra egiten zen eta horrelako esfortzuak gero indarberritzea kosta egiten da. Bertan 25. postua lortu nuen lehenengoarekiko 1.22s ra. Ez nintzen oso gustura gelditu, lasterketaren bigarren erdian pott egin bainuen eta denbora apur bat galdu; ez nuen indarrak neurtzen asmatu», azaltzen du.

Egunak aurrera eginez, laugarren etapa ere oso gogorra izan zela dio Alex Aranburuk. «200km-ko etapa laua genuen aurretik eta ihesaldia iristeko aukera handiak zeudenez asko kostatu zen egitea. Denek nahi zuten eguneko ihesaldia hartu. 90.km-an irten zen eta bertan taldekide bat sartu zen. Baina helmugatik 10km-ra harrapatuak izan ziren eta esprintean berriz ere Oien amerikarrari laguntzen aritu nintzen; 17. postua lortu zuen berak», dio.

«Bosgarren eta seigarren egunak ez ziren nire egunik onenak izan. Lasterketa gogorrak ziren biak eta bietan pelotoitik geratuta helmugaratu nintzen. Nekea nabaritzen nuen eta ez nengoen nire momenturik onenean beraz hanka altxatu eta azken egunerako indarrak gordetzea erabaki nuen», kontatzen du.

Utahko Tourrari amaiera emanez, azken egunean zirkuitu bati hamaika bira ematea tokatu zitzaien, Aranbururen esanetan zirkuito gogorra, 120 kilometroko lasterketa osatuz. «Lanean aritu nintzen burubelarri baina gustura. Sentsazio onak bueltatu ziren eta esan daiteke gustura amaitu nuela Utah-ko itzulia. Taldeko Miguel Ángel Benitorentzat tiraka ibili nintzen eta bere saiakera egin zuen azken metroetan; nahiz eta ez irabazi burrukan aritu zen eta beraren eta direktorearen esker onak jaso nituen», azaltzen du.

Zazpi eguneko lan bikaina egin ondoren, sailkapen orokorrean 40. postua eskuratu zuen Alex Aranburuk Utahko Tourrean,

«Lehenengo aldia zen Estatu Batuetan egon naizela, esprientzia berria izan da niretzat eta berriz errepikatzeko modukoa. Etxekoak internetez lasterketak segitzen aritu dira eta uneoro animoak ematen. Modu desberdin batean baina beti laguntzen», azaltzen du.

Hurrengoa

Printzioz datorren astean Tour de Limousin-en egongo da Alex Aranburu ezkiotarra,Frantzira bidaiatuz oraingo honetan. «Orain bidaiako nekeari buelta eman eta berriz ere puntuan jarri beharko gara lasterketa hauetarako. Lau egun eta lau aukera izango ditugu. Ea hankak nola dijoazen eta lasterketa politak ateratzen diren».

Temas

Ezkio

Fotos

Vídeos