Urte honetako baratzea nola osatu nahi dugun pentsatzeko garaia dugu

Baratzea. Baserri parean dagoen zumeak kolore hori ederra du orain; putzuak ere sortu dira ingurua lokaztuz. / IGARTUBEITI
Baratzea. Baserri parean dagoen zumeak kolore hori ederra du orain; putzuak ere sortu dira ingurua lokaztuz. / IGARTUBEITI

Produktu batzuk ereiteko garaia izanda ere, lurra osasuntsu mantentzeko eginkizunak dira nagusi hilabete honetan

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Bizi bizirik jarraitzen du Igartubeitiko baratzea, kontu handiz zainduta eta garai bakoitzeko beharrak asetuz fruitu eta landareak hazten direlarik bertan. Denbora bada Igartubeitikoek baserriko baratzea lantzen hasi zirela, poliki poliki eta Jakoba Errekondoren aholkuak ere jarraituz fruitu ederrak lortu dituztelarik orain arte. Hilabetero baratzearen aldaketak zeintzuk izan diren eta gertatuko direnak ere azaltzen dizkigute, eta urte berriaren hasierarekin batera aholku batzuk ematen dizkigute museotik.

Baserritik diotenez, baratzean, urte hasiera lasaia izaten da. Beraz, patxadaz hartu eta urte honetako baratzea nola osatu nahi den pentsatzeko momentua da. «Izan ere, oraindik negua da, eta lurrak lozorroan jarraitzen du. Lanik handienak lurra osasuntsu mantentzeko eginkizunek, neguko zuhaitzen landaketek eta fruta arbolen zaintzek emango digute», diote.

Neguko laboreak ereiteko garaia ere dugu: olo, gari, zekale, garagar... Baita baba handia, baba beltz txikia, ilarra, apioa, baratxuri freskotarako, erremolatxa edo beterraba, kertxuna edo berroa, getozka, mihilua, perrexila, zerba, perraitza edo apoperrexila eta tipula. Bestetik, tipulina, tipulatxa, udaberriko aza, baratzuria eta baba landatzeko garaia ere bada. Sail libreak ere ongarritu behar dira: simaurra, luarra, zizare-lurra... Errautsa eta karea eman daitezke.

«Urte hasierarekin batera, babak ereitetik hasi gaitezke, ez baitigu lan askorik emango eta gainera erraz etorriko da. Lekaduna da, eta beraz bere sustrai handiek nitrogeno ugari isuriko dute lurrera (kontuz beraz simaurrarekin). Hazia ereiten da. Errenkada luze bat zabaldu eta han hazia jarri behar da. Errenkada batetik bestera 50-60 bat zentimetro utzi, eta aletik alera 10en bat zentimetroko tartea. Parra edo hesolatxoren batzuk jarri, landarea hazten denean erori ez dadin», azaltzen dituzte pausoak Igartubeititik. Uzta udaberrian emango du, apirila-maiatza aldera edo eta ur asko behar du. «Babaren kasuan zenbait izurriteri adi-adi egon beharko dugu. Hazia erein orduko zenbait hegazti berehala gerturatuko zaizkigu, eta lehenengo kimuak ateratzen direnean berriz, zorria gertu izango du, nitrogenoak erakarrita. Xaboia eta tabako saldarekin aurre egitea komenigarria da», diote.

Baratxuria ere landatzeko sasoian gara oraindik. Gutxi gora behera azarotik urtarrilera arte landatu daiteke. Urtarrileko giroari dagokionean, hotza egiten duen tokia ongi datorkio, horrek ematen omen baitio pikante puntu hori. «Ereiteko lanei dagokionean berriz, baratxuri-begia bera lurrean sartu behar da, 8 bat zentimetroko sakoneran, eta batetik bestera 15 bat zentimetroko tartea utziz. Ilara batetik bestera berriz 25 zentimetro utzi. Landarea hazten denean, tarteka inguruko belarrak kendu eta zenbait hosto ere bai, eguzkia barruraino sartu dadin. Gaitzen bat edo beste hartzeko arriskua duenez, tarteka errautsa zabalduko dugu», azaltzen dute.

Azken hilabetean euri asko egin du eta lurrak denbora behar du ur hori ongi xurgatu eta dosifikatzeko. Hori dela eta, sasoi honetan ez da komeni lurra asko mugitzea, lokaztu eta elkortu egingo baitugu.

Zumearen disdira

Neguko ilunari eta zuhaitzek duten biluztasunari argi pixka bat ematen dion zuhaixka bat aipatu nahiko genuke, Igartubeitin kolore izugarriz hasi duena 2018 urtea. Bai, zumea edo sahatsaz ari gara. Baserrietan, baratze inguruetan beti landatu izan dira zuhaixka eta landare ezberdinak heskai edo itxitura modura, zumea da horietako bat. Hiru bat metro hazten den zuhaixka da, neguan hostoak galtzen dituena.

«Baina, orduan dator bere berezitasuna. Beste zuhaitzek hostoak galdu ondoren beren ikusgarritasuna galtzen duten moduan, sahatsak inguruko lilura guztia bereganatzen du. Izan ere agerian geratzen diren bere adaxkek, hori kolore bizi-bizia hartzen dute, sugarraren pare», azaltzen dute baserritik. Igartubeiti baserriaren aurrean zenbait zume ditugu, eta baserriaren egurrezko eraikuntzarekin kontraste ederra sortzen du, negua alaitzeko. Gainera, baserrian zumearen adar luzeak saskiak eta aulkien oinarriak egiteko erabili izan dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos