Kilometroak txikia ospatuko du bihar

Haurrak dantzan. / AGUADO
Haurrak dantzan. / AGUADO

Lau gune egongo dira: haurrentzako jolasak, tailerrak, batukada, abesbatzaren kontzertua... Afalostean Kilometroak eguneko zirkuitua aurkeztuko da

FJAG URRETXU.

Urretxu-Zumarraga Ikastolak Kilometroak txikia ospatuko du bihar ostirala. Kilometroak eguneko osagai berdinak izango ditu festak: hasiera ekitaldia, omenaldia, ibilbidea, guneak... Izenak dioen bezala, Kilometroak eguna irudikatuko da, baina txikian.

Arratsaldeko seietan, Ikastolan, hasiko da jaia. Ikasleek emango diete ongi etorria bertaratzen direnei eta, ondoren, Kilometroak egunean bezala, omenaldia egingo da: Ikastolako mendi taldea omenduko da. «1982ko urriaren 3an egin zuen mendi taldeak lehen irteera, Irimora. Aurreneko hark ekarri zuen hurrengo bat, eta beste bat, eta beste bat.... gaur arte. Euskal Herriko makina bat tontor eta bazter ezagutu dituzte ikasleek mendi taldeari esker», diote antolatzaileek. Lehengo eta oraingo taldekideei egingo zaie omenaldia. Omenaldiaren ondoren, zirkuitua ireki eta bideari ekingo diote Zubizikletaren atzetik.

Lau gune ditu ibilbideak: Ikastola, Zumarragako plaza, Areizaga-Kalebarren plaza eta Lizeoa. Adin guztietako haurrentzako jolas eta tailerrak egongo dira, batxilergoko ikasleek gidatuta. Musikak ere izango du tartea egitarauan: Lizeoko Batuz batukadaren erritmo biziak alaituko ditu kaleak eta Ikastolako abesbatzak kontzertua eskainiko du Areizaga-Kalebarren plazan.

Afaria

Festari amaiera borobila emateko ikasturte amaierako afaria egingo da Lizeoan, eta, afalostean, 22:00ak aldera, Kilometroen eguneko zirkuitua aurkeztuko da. Segurtasun eta Zirkuitu batzordeek gogotik egin dute lan, eta urriaren 7an egingo den ibilbidea erakutsiko digute. Jarraian dantzaldia egongo da, Zunbalainen eskutik.

Temas

Urretxu

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos