20 erraldoi baino gehiago elkarrekin dantzan

Erraldoiak. Bihar, larunbatean, kaleak kolore eta musikaz beteko dira. / AGUADO
Erraldoiak. Bihar, larunbatean, kaleak kolore eta musikaz beteko dira. / AGUADO

Larunbat goizean, Urretxun, herriko erraldoiak, Ordizia, Bergara, Deustu eta Txantreako konpartsak arituko dira kaleak alaitzen

FCO JAVIER AGUADO GOÑI URRETXU.

Aurten betetzen ditu Iratzarri dultzainero taldeak 40 urte eta urteurren horren aitzakian kalejira antolatu dute biharko. Taldekideen hitzetan, «dultzainero taldeak betidanik egon dira erraldoien konpartsei lotuta» eta Urretxun ere hala gertatu da. Urteak eman dituzte elkarlanean Lekaio Kultur Elkarteko erraldoien konpartsak eta Iratzarri dultzainero taldeak.

Azken urteetan ordea, Urretxuko erraldoiak egun berezietan baino ez dira kalean ikusten. Egoera honek dultzaineroen emanaldiak murriztu dituen arren, dultzainarako zaletasuna ez da apaldu herrian; orain dela 40 urte 3 laguneko taldea zena, egun 15era handitu da. «Normalean esperientziaren arabera banatuta ensaiatzen dugu Urretxuko Kultur Etxean; astero 4 talde desberdinetan lan egiten dugu, baina emanaldi bakoitza prestatzeko entsegu eta taldeak ere moldatu egin behar izaten ditugu».

Larunbateko topaketa urte hasieratik prestatzen aritu dira Iratzarrikoak. Lehendabizikoz antolatuko dute ekintza eta zer nolako harrera izango duen ez dakiten arren, gogotsu ari dira hitzordua antolatzen. «Urretxun Euskal Jai egunez izaten da erraldoiak ikusteko aukera, baina Euskal Herrian honelako emanaldiak sarritan egiten dira». Aitzakia hori baliatu nahi izan dute Iratzarrikoek dultzaina hotsak kalean entzun daitezen. «Gaur egun mota guztietako musikariez lagunduta irtetzen diren erraldoi konpartsak daude, baina gu dultzaineroak izanda, dultzaineroez lagunduta dantzatzen duten konpartsak ekarri nahi izan ditugu». Horrela bada, Urretxuko dultzaineroekin batera, herriko erraldoiak, Ordizia, Txantrea, Bergara eta Deustuko Ondalan konpartsak arituko dira.

Kalejira Ipeñarrieta kalean hasiko da goizeko 11:30ean eta Labeaga kalea zeharkatuko du Juan de Lizarazu erakusketa aretoraino. Bertan, Kalerrota kalean zehar jarraituko dute eta 12:30ak aldera Iparragirre plazara iristea aurreikusten dute. Ibilbidean bi geldialdi egingo dituzte: Zuhaiztiko etxe berriaren pareko plazan lehena eta Lizeoko futbol kantxan bigarrena. Bertan erraldoiek dantza bat eskainiko dute. Iparragirre plazako emanaldian, konpartsa bakoitzak dantza bana eskainiko du eta amaieran, erraldoi guztiek elkarrekin dantzatuko dute. Iparragirre plazako emanaldia amaituta, Ipeñarrietarantz abiatuko dira guztiak kalejirari amaiera emateko. «Eguraldia lagun izatea espero dugu. 100 lagun inguru mobilizatu ditugu kalejira osatzeko eta polita izango litzateke guztiak kalean ikustea».

Dena dela, eguraldi txarraren kasuan erraldoi eta dultzaineroek Ederrena frontoian egingo dute emanaldia eguerdiko 12:00etan.

Temas

Urretxu

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos