Diario Vasco

Pregoiarekin batera 50. urteurreneko egitarauari emango dio hasiera ikastolak

vídeo

Aurkezpena. Ainhoa Lasa, Oihane Toledo, Jon Goenaga, Montse Alkorta eta Gorka Ojanguren. / FERNANDEZ

  • Gaurko pregoiaren ondoren entzun ahal izango da lehendabiziz ospakizunerako egin duten abestia

  • Atzo egin zuten kanta berriaren aurkezpena. Jon Goenaga, Gorka Ojanguren eta Musika Eskolaren laguntza eskertu zuten ikastolatik

Gaur arratsaldean musikarien deiari so eginez abiatuko dira Iparragirre plazarantz ikastaloko kideak, bertan bait dute 20:30ean Santa Anastasia jaiei ongi etorria emateko hitzordua. Auten, Urretxu-Zumarraga ikastolako kideei egokitu zaie pregoilariaren ohorea, ikasturte honetan 50. urteurrena ospatuko dutelako.

Dakigunez, kide guzti horien artean talde txiki bat aukeratu dute ordezkari eta honen eskuetan jarri dute ikastetxearen mezua helarazteko erantzukizuna. Zeresanik ere izango dute arduradunek, eta ozen gainera, pertsona askoren belarrietara iritsi beharko baita pregoilarien hitzen oihartzuna. Ikastolaren bizi-tza belaunaldietan kontatzen da dagoeneko, eta nola eta zer esan, diren eta izan diren partaide guztien eragina azaltzeko? Hori da helburua ospakizun handi honetarako prestatzen ari diren ekitaldia.

Montse Alkorta Arrietaren ahotik jakin dugunez lagun asko dira erronka bereziari tinko heldu diotenak, eta martxan daude urtean zehar garatuko diren jarduerak.Horietako bi, festa hauetan zehar zabalduko dira: lehenengoa, urteurrenerako egin duten abestia izango da, eta bigarrena Euskal Jaiaren desfilean ikusi ahal izango dugun karroza.

Abestia

Gaurko pregoia beraz, ez da bakarrik hitzez eratuta izango, musika bereziaz ere apainduta egongo da. Izan ere, lehendabizikoz entzun ahal izango dugu ikastolak egin duen 50. urteurrenaren abestia.

Lan horretan aritu den taldeak atzo egin zuen abestiaren aurkezpena. Ezinbesteko laguntza izan dutela esan zuten. «Jon Goenagak musika idatzi du eta Gorka Ojanguren bertsolariari zor diogu abestiaren hitza. Hortik abiatuta, zeregin asko zegoen eta lan horretan Musika Eskolak ahalbideratu zuen grabaketarako lekua eta tresneria», esan zuten. «Geure aldetik ahotsen ekarpen apala izan da, irakasle, guraso eta langile batzuk hautatu genituen horretarako, eta horiekin batera, Oihane Toledok zuzentzen duen Ikastolako umeen abesbatzaren ahotzak. Musikarako Big Bandaren musikari gazteen ekarpena ere izan dugu».

Gaurko pregoia entzun ondoren abestia zabaldu nahi dute, gainera jendearen artean banatuko dutela 'Urrezko Arbolaren' letra jakinarazi zuten, denon artean abestu ahal izateko. Jasotako laguntza esker-tzeko grina izan zen nabarmenena atzoko aurkezpenean; eta horrekin batera abestia ezagutarazteko gogoa. Beraz, honen bidez jaso dezatela esker ona laguntzaileek, eta bizilagunek gaur abesteko gonbitea.