Urduña Hiriko ziklo krosean klabikula puskatu zuen Aranburuk

Eskerrak. Istripua gertatu ondoren laguntzen aritu ziren Xabi, Patxi, Urresta eta Iñaki; lagunak. / A.A.

Ebakuntza egin zioten atzo goizean eta hilabete inguru egon beharko da txirrinduan ibili gabe

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Tour de Vendée izan zen Alex Aranbururen azken lasterketa Europan, eta aurrera begira Txinako Tour Guangxi -n parte hartu behar zuen ezkiotarrak, hau iritsi bitartean denbora zuela ikusita, Urduñako ziklokrosean parte hartzeko baimena eskatu zuelarik. Igandean aurrera eraman zen Urduña Hiriko Ziklokros sari nagusia eta tamalez txirringatik erori eta klabikula puskatu zuen Caja Ruraleko txirrindulariak.

«Txinako lasterketa nahiko berandu geneukanez, urriaren 19ra arte karrerarik ez zegoen, hainbeste gustatzen zaidan ziklokrosean ibiltzeko baimena eskatu nion taldeari, Urduñako sari nagusian parte hartzeko asmoz», azaltzen du Aranburuk. Baimena eskatu eta baiezkoa eman zioten Caja Ruraletik, eta horrez gero igandeko lasterketan parte hartu zuen ezkiotarrak.

Urtean zehar ziklokroseko karreratan parte hartu gabe egonez gero nahiko atzean hasi zen Aranbururentzat lasterketa. «Punturik gabe nengoen eta nahiko atzetik hastea tokatu zitzaidan. Hasi eta aurrera joan nintzen, aurrera... eta hirugarren postuan kokatu nintzen, aurrekoekiko nahiko tartea izanik», kontatzen du.

«Ordu laurden bat inguru faltako zen lasterketa amaitzeko eta hirugarren postua nengoen, aurretik Aitor Hernandez irabazlea izan zena eta Javier Ruiz de Larrinaga, bigarren sailkatuta. Zortzi biratatik bost eginda, bi buelta inguru falta zirenean amaitzeko, bidean zulo bat topatu nuen eta salto bat eman nuen; bizikleta atzetik mugitu zitzaidan, gaizki erori nintzen eta klabikula puskatu nuen», azaltzen du triste.

Momentuan Galdakaoko ospitalera eraman zuten eta han plakak egin ondoren klabikula puskatuta zegoela baieztuta zioten. «Astelehenean Mutuara joan nintzen Iruñeara eta bertan ebakuntza egin behar zidatela esan zidaten, gehiago itxaron gabe asteartean bertan operatuko zidatela esanez», azaltzen du Alex Aranburuk.

Horrelako momentuetan amorruak eta minak bat egiten dutela azaltzen digu txirrindulariak, baina ez ditu ahaztu nahi bertan laguntzen egon zirenak eta eskerrak eman nahi dizkie Xabi, Patxi, Urresta eta Iñakiri ospitalera eramateagatik; eta baita bertara animatzera gerturatu ziren guztiei eta momentu hauetan animoak ematen ari direnei ere.

Ebakuntza

«Operazioa nahiko erraza izango da eta guztia ondo irtetzea espero dut; orain osatzea tokatzen da. Amorrua ematen didana Txinako Tourra ezin korritzea da», aitortzen du. «Pare bat aste geldirik egon beharko naiz eta ondoren, mendia, oinez, gimnasioa... poliki poliki hasiko naiz, baina bizikletari dagokionez, hilabete pasa arte inguru uste dut geldirik egon beharko naizela. Orain lehenengo gauza errekuperazioarekin hasi eta ea ondo doan dena», Alex Aranburu.

Fotos

Vídeos