Udalekuetan ere Gora San Fermin!

Taldea. Aurten 30 haur baino gehiago parte hartzen ari dira udaleku irekietan; atzo San Fermin eguna ospatu zuten.
Taldea. Aurten 30 haur baino gehiago parte hartzen ari dira udaleku irekietan; atzo San Fermin eguna ospatu zuten. / ARGAZKIAK GALILEA

Zezena, pregoia, txupinazoa, goxokiak, maskarak, eta nola ez, entzierroa ere izan zuten San Fermin egunean

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Astelehenean hasi ziren Ezkioko Udaleku irekiak aurten 31 haur eta gaztetxoek parte hartzen ari direlarik. Lehenengo ekintzak eta eskulanak egin dituzte jada eta atzo egun berezia izan zuten, txuriz eta gorriz jantzita, San Fermin Eguna ospatu zutelarik.

Janzkera, zezena, maskarak, plaza apaintzeko letrak, txupinazoa, pregoia, entzierroa... San Fermin batzuek behar duten guzti-guztia egin zuten udalekuetako gaztetxoek atzo. Egunero bezala Udaletxeko beheko solairuan elkartu eta plaza apaintzeko letrak, zezenen maskarak eta bestelako eskulanak egiten aritu ziren. Goizeko 11:00etan puntu puntu taldeko argazkia egin eta lehenengo solairuko leihoa zabaldu zen bertatik goizean prestatutako pregoia irakurri zutelarik, jarraian goxokiak botaz. Ospakizunekin jarraituz bidegorrira gerturatu ziren guztiak eta buruhandiaren zezena atzetik zutela entzierroa korri tu zuten. Ederki ibili ziren goizean zehar herriko txikiak!

Ekintzak

Aurten hiru urtetik hasi eta hamahiru urte bitarteko 31 gaztetxo ditugu herriko udalekuetan, hiru astetan zehar ekintza ugari aurrera eramango dituztelarik; orain arte ere baten bat ospatu dute.

Txango txikiren bat ez da faltako aurtengo egitarauan eta Ormaiztegiko igerilekura bisitak ere astero izango dira, beti ere eguraldiak laguntzen badu, baina hauetaz guztietaz aparte egun bereziak izaten dituzte urtero eta oraingoan ere horrela jarraituko dute.

Hurrengo egun berezia astelehena izango dugu, honetan sukaldari eguna aurrera eramango dutelarik. Ederki pasatu zuten aurreko urtean Anduaga elkartean eta hurrengo astean errezeta berri batekin harrituko gaituzte.

Eta azkeneko astean hiru plan potoloz gozatzeko aukera izango dute herritar txikiek: Ibur zalditegira bisita, Esperimentazio Eguna (zikinaren eguna kendu da aurten) eta nola ez, uztailaren 21ean Udalekuetako bukaerako festa ospatuko dute, hiru aste hauetan zehar egindako ekintzekin prestatutako bideoa guraso eta lagunei aurkeztuko dietelarik.

Temas

Ezkio

Fotos

Vídeos