Turismo eskaintza zabala du gure bailarak udako hiru hilabeteetan

Mirandaola. Udako hilabeteetan igandero jartzen da martxan Mirandaolako burdinola. / GALILEA

Bisita gidatuak, tailerrak eta edozein gustu eta adinara egokitutako eskaintza dugu Urola Garaiako lau herrietan

MIRYAM GALILEA ALTO UROLA.

Urola Garaiako museo eta ekintza turistikoek ez dute martxa gelditzen eta uda honetan ere adin guztiei zuzendutako planekin datoz, bakarka, bikoteka, taldeka edo familiei egokitutako planak egiteko aukera zabaltzen digutelarik, talde hauei ere udalekuetako haurrentzako ekintzak egiteko aukera eskainiz.

Zumarragan Antioko baseliza eta Antio- Antigua Interpretazio zentroa ditugu. Baseliza bailarako altxor nagusietarikoa da eta hau egunero bisitatzeko aukera dugu, goizeko 11:30etik 13:30era eta arratsaldeko 16:30etik 19:30era, sarrera doakoa izanik (borondatea). Metro batzuetara Antio Interpretazio zentroa dugu, hau bisitatzeaz gain, bertan Turismo Bulegoa ere kokatzen delarik.

Urretxun, berriz, Aikur Erle Museoa bisitatzeko aukera dugu, asteburu eta jai egunetan gozeko 11:00etan eta 12:30ean; kasu honetan aurretik deitzea beharrezkoa da. Aldiz, beste egunetan joan nahi izanez gero aukera ere badago beti taldea izanik eta aurrez hitzartuta. Aikur abuztuaren 7tik 28ra bitartean itxita egongo da.

Urretxun jarraituz, bertan ere San Martin de Tours eliza kokatzen da (bisitatzeko aurretik hitzartu), edo Urrelur Mineral eta Fosilen museoa, azken hau astelehenetik ostiralera goizez edo arratsaldez bisitatu daitekelarik; taldeentzako bisita gidatuak ere antolatzen dira. Urrelurrek abuztuan hartzen ditu oporrak eta hilaren 7tik 27ra itxita egongo da.

Legazpiri dagokionez aukera oso zabala da: Artzantzaren Ekomuseoa igandetan goizeko 11:00etan du hitzordua (aurretik deitu behar da), honetan bisita gidatua eta pintxoa eskaintzen direlarik. Beste egunetan ere hau bisitatzeko aukera dago baina beti ere taldea izanda eta aurretik hitzartuta badago. Bestetik, Mirandaolako Burdinola ere dugu bailarako beste altxor nagusietarikoa, hau igandero martxan jartzen delarik 12:00etan eta 13:00etan bisita gidatua eta pintxoa eskainiz (aldez aurretik deitu). Chillida Lantokia, Euskal Burdinaren Museoa (bertan informazio bulegoa kokatzen da), 50. hamarkadako eskola, Ogiaren Txokoa... Azken honetan Errotari Egunaz gozatzeko aukera zabaltzen digute Igaralde baserrian: ogia egiteko jarraitzen den prozesua, errota... bisita gidatuak eskaintzen dira igandeta, goizeko 12:00etan eta 16:00etan, erreserba beharrezkoa izanik, eta bestelako egunetan ere taldeentzako bisitak egiten dira aurretik hitzartuta.

Azkenik Legazpin, Urola Garaia Zaldiz Ormazarreta zaldi eskolak irteera eta ikastaro ugari antolatzen ditu egunero, hilabete honetan ere Udalekuak aurrera eramaten ari direlarik.

Bukatzeko, Ezkion San Migel eliza eta XVI. mendeko eraikuntzak bisitatzeko aukera dugu hileko lehenengo eta azken asteburuetan bisita egiteko aukera dagoelarik, aldez aurretik erreserba eginez. Eta nola ez, bailarako beste taltxorra, Igartubeiti Baserri Museoa, asteartetik igandera zabalik, Udaleku eta taldeentzako tailer eskaintza handiarekin eta bisita gidatuak eta pintxoa hartzeko aukera ematen diguna; honetan orain Haria Galtzen erakusketa ere kokatzen delarik. Gainera, irailetik aurrera larunbatero ospatzen diren tailerrak bueltatuko dira, hauek haur eta beraien familiei zuzentzen direlarik.

Informazioa

Informazio gehiagorako, ekintzen ordutegi zehatza eta prezioak jakiteko, edota izena emateko Turismo Bulegoetara jo daiteke edo www.urolagaraia.com helbidea bisitatu.

Antio- Antigua Turismo Bulegoa (Zumarraga), astelehenetik ostiralera 8:00etatik 16:00etara dago zabalik; eta asteburu eta jai egunetan goizeko 10:00etatik 14:30era eta arratsaldeko 16:00etatik 19:30era; telefonoa 943722042. Irailan ordutegia aldatu egingo da.

Bestetik, Mirandaola Turismo Bulegoa (Legazpi) egunero dago zabalik, goizeko 10:00etatik 14:30ak arte eta arratsaldeko 16:30etik 18:30ak bitartean; telefonoa 943730428.

Fotos

Vídeos