Sagarrak biltzeko garaian, honekin lotura duen tailerra Igartubeitin

Sagarrak. Fruituta biltzeko garaia hasi da eta honekin batera ekintzak igartubeitin. / GALILEA
Sagarrak. Fruituta biltzeko garaia hasi da eta honekin batera ekintzak igartubeitin. / GALILEA

Haurrek eta beraien familiek 'Sagar tentagarriak' tailerrean parte hartzeko aukera dute asteburu honetan

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Hurrengo hilabetean ospatuko dugu urtero bezala Sagardo Astea Igartubeiti Baserri Museoan, honetan hamar egunetan zehar sagarra eta sagardoarekin lotutako ekintza desberdinak aurrera eramango direlarik, eta hauetako lehenengoan parte hartzeko aukera asteburu honetan izango dugu, interpretazio zentruan ospatuko den tailerrari esker.

«Sagar tentagarriak» tailerra izango dugu larunbata honetan arratsaldeko 16:30etatik 18:30ak bitartean Igartubeitiko interpretazio zentroan, bertan 6-12 urte bitarteko haurrek beraien gurasoekin batera parte har-tzeko aukera izango dutelarik. «Sagarra biltzeko garaia da eta era askotakoak daude: gozoak, gaziak, mikatzak... Nahi al dituzu dastatu eta postre bereziak egin?», luzatzen dute deialdia museotik.

Tailer honetan parte hartu nahi duten familiek izena emateko epea zabalik dute, honetarako 943 72 29 78 telefono zenbakira deitu edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzi besterik ez da egin behar. Tailerraren prezioa 3€koa da pertsona bakoitzeko, Familia Txartelarekin deskontuak egiten direlarik. Tailerra amaitzerakoan merienda goxoak gozatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Familiei zuzendutako tailer hau irailan zehar egingo den azkena izango da; ondorengo ekintza, urriaren 1ean aurrera eramango den «Erdi Aroko musikak» kontzertua izango dugu.

Baratzea

Udarako azken uztak jaso ondoren, udazken eta neguko landaketekin hasi dira Igartubeitiko baratzean: aza, azalorea, porrua, borraja, kardua, zerba, brokolia, eskarola...

Batetik azaloreak landatu dituzte: «honek lur aberatsa behar du, ongarri organiko asko duena alegia, eta aldi berean ur asko behar duen barazkia da. Eta kontuz, asko handi-tzen denez, landatzerako garaian batetik bestera distantzia pixka bat utzi, hobeto hazi dadin», azaltzen dute.

Bestetik berriz, azak landatu dituzte: «aza lur hauetan oso ongi hazten da, eta neguko garai txarrenetan oso jaki estimatua izan da. Landaketari dagokionean, ez zaio lur irauli berria gustatzen ezta azidoa ere, hori dela eta karea botatako eta egonkortutako lurrean landatzea komeni da. Kontutan hartu, azak tximeletak eta euliak erakartzen dituela, eta hori dela eta ondoan erromeroa, kamamila, salbia edota ezkaia landatzea ez zaigu gaizki etorriko», ematen dute aholku.

Porruak, sasoi honetatik aurrera ezinbesteko garrantzia izango du baratzean, hauek neguko hotza eta izotza hobekien jasaten dituen barazkia izanik.

Baratzea ondo zaintzeko lana hartu behar dela jakina da, baina hau errazteko eta etekin handiena lortu ahal izateko, hilabetero aholku batzuk luzatzen dituzte Igartubeititik, hauek Jakoba Errekondorekin kolaborazioan.

Errekondok aipatzen duenez, beroaldi handien ondoren baratzea gogotik ureztatu behar da, eta ureztatzeko onena goizeko eta iluntzeko freskurak dira. Abuztuan gogoratu bezala, ureztatzeko, baratze ondoan bidoi bat izatea komeni da, hau euri urarekin betetzen joan dadin, eta tarteka asun-belarra gehituz gero are onuragarriagoa izango da gure ureztapena.

Bestetik, baratzeko belarrak kendu eta tarteka lurra arrotu beharko da atxurrarekin, urak errazago zirkula dezan. Lurra lehorra badago zenbait belar bertan utzi daitezke lurra goxatzeko. «Belazeak eta soropilak moztu eta ongarritzeko garaia da; eta fruta arbolen udako inausketa egin. Fruta arbola gazteei egitura edo forma jakin bat emateko adarrak lotuko dizkiogu, eta hauek txertaketa egin ere», dio Errekondok.

Abuztuan zehar izan diren beroen ondoren konposta edo luarra mugitzea oso garrantzitsua dela diote; eta oso lehor dagoen kasuetan ur pixka bat gehitu besterik ez dugu egin behar. Eta azkeneko aholku gisa, usaindun loreak, sukalderako, sendabelarrak... biltzeko garaia ere amaitzear da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos