Sagarrak aukeratu eta bizkotxo ederra prestatu

Familiak. Haurrek beraien gurasoekin batera sagarren munduan murgildu eta bizkotxo goxoa egiteko aukera izan zuten. / IGARTUBEITI

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Aurtengo Sagardo Astea prestatzen ari dira Igartubeitiko langileek, egun hauetan, egongo diren ekintzak lotu eta sagarra, sagardoa eta nola ez dolareari merezi duen garrantzia emateko. Egun batzuk falta dira ospakizunekin hasteko baina honen arira familiei zuzendutako tailerra aurrera eraman zen larunbatean museoan.

«Sagarra izan genuen protagonista larunbatean. Koadrila ederra bildu eta Igartubeitiko sagarrondoetan ibili ginen sagar mota ezberdinak biltzen», azaltzen du tailerreko arduradunak. «Ondoren bildutakoa aztertzen aritu ginen zentzu ezberdinak martxan jarriz: ikusmena, usaimena, dastamena, ukimena... Sagar gorri, berde, horiak, txikiak eta handiak, gazi, gozo, mikatzak, azal leun eta zakarrarrekoak... sailkatu genituen. Bukatzeko, sagarrik gustukoena aukeratu eta primerako sagar bizkotxoak prestatu genituen», diote Igartubeititik.

Hilabetero bat edo bi asteburutan familiei zuzendutako tailerrak aurrera eramaten dira Igartubeitin, hauek arrakasta handikoak izaten direlarik; larunbatekoa iraileko tailer bakarra izango da.

'Haria galtzen'

Hiru hilabete eta erdi inguru izan ditugu 'Haria galtzen' erakusketa osatzen duten artelanak bisitatzeko aukera Igartubeiti Baserrian, eta igandea azken eguna izango da.

'Haria galtzen' zazpi sortzaileren, Lola Altolagirre, Idoia Cuesta, Arantxa Díez Redondo, Karmen Esnaola, Kris Meraki, Yolanda Sánchez eta María Zubizarreta, lanak erakusten dituen erakusketa kolektiboa da. Artista hauek, euren artelanen bitartez, gaur egun gure iraganak eta bereganatutako oinordetzak duten presentzia zein garrantzitsua den azpimarratzen dute, tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko solasaldian. Artelanak baserriko askotariko guneetan erakusten dira eta uztartzen dira. Alde batetik, erakusketak aspaldiko teknikekin egin daitezkeen sorkuntzak erakusten ditu eta bestetik, zuntza arte lan tridimentsionalak, berriak eta esperimentalak sortzeko beste euskarri batzuk. Hau guztia baserrian bertan kokatuta dago, eta honetaz gain, interpretazio zentruan, artisten argazkiak eta materialen erakusketa bat ere dituzte.

Fotos

Vídeos