Piparrak, ekaineko protagonistak Igartubeiti baserriko baratzean

Pil-pilean. Sendabelarrak loretan daude dagoeneko eta gereziondoan fruituak ageri dira. /  IGARTUBEITI
Pil-pilean. Sendabelarrak loretan daude dagoeneko eta gereziondoan fruituak ageri dira. / IGARTUBEITI

Udako solstizio eguneko istorioak, uzta jasotzea, landaketak eta aholkuak ekainari zukua ateratzeko

DV EZKIO.

Uda usaintzen hasi gara eta hau baserriko baratzea eta inguruetan nabaritzen hasi da. Fruitu eta uztak landatu eta jasotzeko aukera ere izango dugu hilabete honetan, Igartubeitiko paisaia bizi bizirik jarraitzen duelarik. Gainera ere, Jakoba Errekondoren aholkuak luzatzen dizkigute baserritik, baratzea zaintzeko pausuak azalduz.

Ekaineko egunak ezin hobeak dira gure baratzeetarako. Batetik falta zaizkigun azken landatze lanak egiteko momentua da, udararako uztari begira, eta bestetik landareek urteko egunik luzeenak direla ederki asko sentituko dutelako.

«Baratzeari pizgarria emango dion barazki aski ezagun bat landatzeko garaian gaude. Piperrak», diote baserritik. Hauek landatzeko lekua ondo aukeratu behar dela azaltzen digute: lur aberatsa behar du, ongi ongarritu behar da,lehortuta eta xehe-xehe dagoen ongarriarekin; eta eguzkia eta beroa behar du, etengabe.

«Maiatzetik aurrera landatu daiteke, eta oraintxe azken txanpan gaude. Hazia erein dezakegu ontzi txikietan, baina asko kostatzen zaio etortzea, txikitan asko sufritzen du eta horregatik nahiago izaten da landarea bera sartzea», diote Igartubeititik. Landarea hazten doan heinean, lurra jorratu behar da eta landarea ureztatu, beti ere ipurditik egitea oso garrantzitsua delarik.

Uztari dagokionean berriz, udaran barneratu orduko, uztaila erditik aurrera lehen piperra jasotzeko moduan izango gara. «Ez itxaron asko heldu arte, azal mehea dutenean gustua ere freskoagoa izango dute. Heltzen uzten badiegu askotan min punttu gehiago ere izango dute. Honi loturik, giro epela egiten badu jasotako uzta ez da hain mina izango, baina bero-ufada handiak harrapatzen baditu, bai ordea», diote. Horregatik garrantzitsua da ureztatzea.

Fruituak

Ekainean, udaren atarian gaudela, lehenengo fruituak jasotzen hasiko gara. «Ia ustekabean harrapatzen gaituen fruitu eder, goxo, kolore argiko eta mamitsu batek protagonismo berezia dauka, gereziak hain zuzen ere» diote baserritik.

«Gereziondoa oso zuhaitz dotorea da, luzeska eta sendoa, hosto zabal berdeez jantzia. Euskal Herri osoan zehar zabaldua dago, goi mendietan izan ezik. Izan ere, nahiz eta lur ezberdinetara egokitzeko gai den, nahiago ditu lur sakon eta hezeak. Oso ohikoa da baserri inguruetan ikustea. Izan ere, baratze inguruko heskaia osatzen zuten fruitu arboletako bat izan ohi zen gereziondoa. Gainera, fruitua jangarria izateazgain, bere txurtentxoarekin egindako infusioa giltzurrunak garbitzeko ona dela esaten da. Aldi berean, gereziondoa, bere lorea dela eta oso baliagarria da erlezaintzarako eta bere zura altzarigintzarako», azatzen dute Igartubeititik.

Ekainean aurrera goazela, egun seinalatu batean, gure inguruneko elementu orok izate magiko bat bereganatuko du, ekainaren 23ko gauean hain zuzen ere, San Juan bezperan edo Udako Solstizo egunean. «Historiak istorio, egia dena da, duela gutxira arte, Euskal Herriko nekazal gizarteak egun honetan erritual eta ospakizun ezberdinak burutzen zituela, eta sinesmenez beterik zegoela. Horretarako inguruneko zuhaitz, landare, lore eta abar erabiltzen ziren, udako solstizoko gauean indar eta botere bereziak zituztela pentsatzen baitzen. Eta ondorioz, suak, urak eta landarediak garrantzi berezia hartzen du».

Aholkuak

Ikusten denez Igartubeitiko baratzea gogoz aurrera doa, eta horrela jarraitzeko aholku garrantzitsu batzuk ematen dizkigute oraingoan ere Igartubeititik, Jakoba Errekondorekin kolaborazioan, bai baratzearen eta baita ingurunearen zaintza behar bezala egin dezagun, baratzeari probetxu handiena ateraz.

Errekondok dionez, landaketak egin aurretik lurra prestatzea garrantzitsua da: hazitegiko landare-barazkiak baratzean landatu; landareak babesetik atera eguzkitara; loreontzietan ditugun landareak ongarritu; landare usaindunak landatu... «Udaran loretuko diren erraboilak eta landareak erein behar ditugu ere: gladioloa, kana, begonia... Eta landatu gabeko lurrak simaurrez estali», azaltzen du.

Egin beharreko beste lan bat, belazeetako belarrak moztu eta lehortzen uztea da, eta sutako hautsa, kare hautsa edo hondarra gehitu beharko diogu lurrari, hau harrotzeko. «Kontutan hartu behar dugu, aurretik ongarria bota badiogu pare bat aste gutxienez utzi beharko dugula,eta gero zabaldu karea», baserritik.

Azkenik, fruta arbolak zaindu behar direla ere gogoratzen dute Igartubeititik: bakanketak egin eta behar bada baita tratamenduak ere; udako inausketa egin beharko da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos