Pausoz pauso istorio bat sortzen

Motrizitatea. Jokuen bidez motrizitatea lantzen. / M.S.

MIRYAM GALILEA ITSASO.

Aurreko asteko astelehenean hasi ziren Itsasoko lehenengo udalekuak, hauek hiru zatitan banatzen direlarik. Lehenengoa bi asteko iraupena du eta egun hauetan zehar musika, zeramika, diseinua eta artearekin zerikusia duten gai desberdinak jorratzen ari dira, hauek guztiak istorio baten inguruan.

Bost eta hamasei urte bitarteko gazteak parte hartzen ari dira udaleku hauetan, lehengo astean hogei bat lagun elkartu eta bigarrenean hamabost bat daudelarik.

Istorio bat asmatu eta honi bizia emango diote egun hauetako lanari esker. «Ekintza desberdinak egiten ari gara istorio bakar bat osa-tzeko: musika, marrazkia, zeramika, joste lana, pintura...», azaltzen dute arduradunek.

Maite, Jone, Aizpea eta Jennifer bizilagunak dira udaleku hauen lehenengo zatiko arduradunak, norberak bere harri-koskorra jarri duelarik proiektu honetan.

Lehenengo astean Jenniferren esku (Atlantatik etorritako bizilaguna)aurrera eraman ziren ekintza ugari.

«Musika ikasketa zabalak ditu Jenniferrek eta instrumentuekin bi abesti landu zituzten, hauen letra ingelesez izanik, besteak beste. Bi kulturen arteko erlazioa landu nahi izan dugu eta honetan Jennifer izan genuen irakasle bere lau seme alabekin», dio antolatzaileak.

Haur eta gazteei informazioa eman eta beraien esku utzi dute proiektu guztia. Erronka: haria emanez eta hiru elementu kontutan hartuz (Euskal Herria, Estatu Batuak eta bidaia) istorio bat sortu eta bizia eman behar diote.

Egun batzuk aurrean dituzte oraindik azken emaitza ikusteko baina atzo lanean tinko oso gustura zeuden gaztetxoak.

Pertsonaiak eta istorioa bera sortuta daude dagoeneko eta orain txotxongiloak egiten ari dira: burua zeramikarekin sortu ondoren, oihalak aukeratu eta hauentzako jantziak josteari ekin zioten atzo.

«Aurrerago gaur egungo teknikei ere helduko diegu eta istorioa, egindako pertsonaiekin antzeztuko dugu hau grabatuz. Grabaketa honetan landutako ingeleseko bi abestiak ere egongo dira eta lanaren edizioa egingo dugu honekin amaituz», dio Aizpea Lasak.

Zaldiz

Hurrengo astelehenean Udalekuetako bigarren zatiari hasiera emango diote, hau Ibur Hipika Klubean aurrera eramango delarik ordutegi berdinean. Aste horretan zehar zaldiaren morfologia, hurbilketa, zain-tza... eta bestelako lanak jorratuko dituzte.

Bigarren fase honetan hamahiru gaztetxoek parte hartuko dute.

Temas

Itsaso

Fotos

Vídeos