Ostatuaren kontratua berriztatu eta jai egun lokalak onartu ziren azken bilkuran

Udal Osoko azken bilkura asteazkenean ospatu zen Itsason. / GALILEA

Parrokiarekin egindako hitzarmena ere onartu zen, beharrezkoa ikusten denean bilerak bertan egin ahal izateko baimena izanik

GALILEA ITSASO.

Asteazken arratsaldean ospatu zen Itsason Udal Osoko azken bilkura, bertan gai desberdinei buruz aritu zirelarik, hauek guztiak aho batez onartuz.

Apirileko batzarreko azken akta onartu eta presidenteak eman dituen ebazpenen berri eman ondoren, San Bartolome parrokiarekin adostutako lankidetza-hitzarmena ere aho batez onartu zuten. Herri Batzarrak eta bestelako bilera jendetsuak ematen direnean somatutako biltzeko leku eskasa zela eta, parrokiarekin hitz egin eta koru azpiko lekua erabiltzeko proposamena luzatu zieten, azken Herri Ba-tzarra jada bertan ospatu zelarik. Bilkuran, hitzarmena idatzita egonda, hau onartu zuen Udalak.

Ondoren, Itsasoko ostatuko zerbitzuen kudeaketa integralaren emakide kontratua berriro bi urtez luzatzeko proposamena onartu zen. Bi urteko luzapena du momentu honetan kontratu honek eta adostutakoaren arabera berriro ere, beste bi urteko jarraipenarekin, Manu Hernándezen Mairama enpresari eman zaio.

Bestetik, azken Herri Batzarrean landu ondoren, eta bertan parte hartu zuten herritarren oniritzia jasota, Goieki-Goierriko Garapen Agentziako partaide izateko proposamena ere onartu zuten, hemendik aurrera eman behar diren pausoekin jarraituko dutelarik.

Bilkurarekin amaitzeko, 2018 urteko jaiegun egutegi ofiziala osatzeko jai egun lokalak onartu zituzten, eta honez gero ondorengoak izango dira: uztailaren 22an, Madalena Eguna; abuztuaren 24ean Bartolome Deunaren Eguna; eta irailaren 8an, Kizkitza Eguna.

Fotos

Vídeos