Museoen Nazioarteko Egunarekin bat, ekintza bereziak asteburuan

Kontzertua . Juan Mari Beltranek eta Errege Beldak eskainiko dute konmtzertua. /  IGARTUBEITI
Kontzertua . Juan Mari Beltranek eta Errege Beldak eskainiko dute konmtzertua. / IGARTUBEITI

Juan Mari Beltran eta Errege Beldak kontzertua eskainiko dute larunbat arratsaldean Igartubeitin

DV EZKIO.

Igartubeiti Baserri Museoak, maiatzak 19an eta 20an ospatuko du Museoen Nazioarteko Eguna, aurtengo leloari jarraituz,«Museo hiperkonektatuta: ikuspuntu berriak. Ikuslego berriak», musikaren eta soinuen bitartez, Igartubeiti deskubritzera gonbidatuz.

'Euskal Herri Musikaren hots-larretan' kontzertu didaktikoa eskainiko dute Juan Mari Beltranek eta Errege Beldak Igartubeiti Baserri Museoan, larunbatean arratsaldeko 16:30etatik 18:00etara, Museoen Nazioarteko Egunerako antolatutako programazio bereziaren barne. Kontzertua publiko mota guztiari zuzendutakoa izango da eta sarrera doakoa izango da.

«Proiektu honek, gure inguruko txoko eta landetan sortutako hots, doinu eta kantuetan oinarriturik, musika, jolasa eta hitzen arteko topaketa bat izan nahi du. Hots eta doinuen arteko elkartze edo topaketa hau hainbat giroetan barna murgilduko da, natura eta paisaiak, herri eta pertsonen ospakizunak, festak, jolasak, harremanak...», azaltzen dute Igartubeititik.

Dantza doinuak, jolas doinuak eta kantak, mendiko eta kaleko ku-tsua duten doinu eta erritmo zaharrak nahiz berriak; doinuz, erritmoz eta hitzez osaturiko poesia...

Topaketa honetan hotsak elkar-tzen dira: Isturitzeko harpetako hezurrezko flautak eta arrabitaren hots barnerakoiak, burrunen hots sakonak, txorien kantuak bezalako xirularen txioak, erritmoa markatzen duten danbolina eta ttunttuna, txalaparta makilen eta akordeoiaren botoien saltoak, albokaren harrabotsa eta xirolarruaren oihua, txistua, dultzaina, tronpa...

«Elkartzen dira dantza urratsak gidatzen dituzten xirulak-ttunttunak eta sunprinuz egindako artzainen 'durunbele'-ak, erritmo eta neurri zaharrak doinu berriekin eta doinu zaharrak hots berriekin, musika erritmo eta neurri zaharretan eta berri-berrietan. Musikari jarritako hitzak, hitzei jarritako musika. Musikak eragindako hitzak eta poesia eragindako musika, musikari jarritako dantza eta koreografia eta dantzei jarritako hitzak eta hauek janzteko doinuak», baserri museotik.

Juan Mari Beltran eta Errege Belda bikoteak eskaintzen du hotsez, erritmoz eta musikaz osatutako gure tradizioan sustraitutako gaur egungo narrazio eder hau. Kontzertuak ordu eta erdiko iraupena izango du, honetan hamaika kantaz gozatzeko aukera izango dugularik. Juan Mari Beltranek txalaparta, alboka, dultzaina, arrabita, ahotsa, txistua-danbolina, xirolarrua, tilinka, tronpa eta ahotsa jarriko ditu; Errege Beldak berriz, ahotsa eta akordeoia.

Ate irekiak

Asteburuan, maiatzak 19an eta 20an, ate irekien jardunaldiak izango dira eta Igartubeitiko ordutegia ondorengoa izango da: larunbatean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; eta igandean goizez bakarrik egongo da irekita. Bi egun hauetan doako sarrera eta bisita gidatuak eskainiko dira, ongi etorri mokadutxoarekin (ogia, gazta eta sagardoa).

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos