Mendi Martxa Mistoaren aurkezpena igandean izango da

Taloak. Guraso elkarteko kideak taloak perstatzen Ezkioko jaietan. /  GALILEA
Taloak. Guraso elkarteko kideak taloak perstatzen Ezkioko jaietan. / GALILEA

Ekitaldia amaitu eta gaztaina erre eta talo janaz gozatzeko aukera egongo da Ezkioko herrigunean

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Ezkioko Udalaren eta Yartu kultura elkartearen eskutik, igandean arratsaldean EzkiON klubak antolatutako Mendi Martxa Mistoaren aurkezpena aurrera eramango da, honekin batera gaztaina eta talo janaz gozatzeko aukera egongo delarik.

Aurkezpena Ezkioko herrigunean ospatuko da, pilotalekuaren ondoko aterpetxean hain zuzen arratsaldeko 17:30ean. Orduan, Mendi Lasterketa Mistoaren aurkezpena egingo du EzkiON! kirol-klubak, lasterketa hau azaroaren 25ean goizean aurrera eramango delarik. Jarraian, arratsaldeko 18:00etatik aurrera gaztaina-janaz gozatzeko aukera egongo da bertan Igartuerdiko Juan Zufiriaren eskutik. Taloa eta txistorra, gazta... ere ez dira faltako eta tragoa hartzeko aukera ere izango da.

Lasterketa mistoa

Mendi Lasterketa Mistoa hilaren 25ean, larunbata, aurrera eramango da. Goizeko 10:30ean hasiko da 5'8 kilometroko lasterketa hau, izena emateko aukera zabalik dagoelarik www.herrikrosa.eus helbidean.

Eguerdira aldera 0-12 urte bitarteko umeen txanda helduko da, hauek ere lasterketatxo batean parte hartzeko aukera izanik; eta amaitzeko, 13:00etan sari banaketa izango dugu. Goizean zehar umezaintza zerbitzua egongo da nahi duten gurasoek lasai parte hartu dezaten.

« Lasterketaren helburu nagusietako bat, Ezkio ezagutarazi eta dinamizatzeaz gain, herritarren elkarlana bultzatzea da. Gainera, lasterketa mistoa eginez, emakumeei mendi lasterketetarako bultzadatxo bat ematea ere bada gure nahia», azaltzen zuten EzkiOn Martxan klubetik. Horrela, Ezkioko herritarrei deialdia luzatzen zaie, bai lasterketan korrika parte hartzeko eta baita antolakuntzan lagundu, umeak bertaratuz, ingurukoei lasterketaren berri emanez... esku bat luzatzeko. Mendi martxak gustuko duten kirol zale guztiei ere deialdia egiten zaie, egun honetan Ezkiora gerturatu eta gozatzeko.

Bestetik, azaro bukaeratik aurrera, Ezkion bertan, mendian federatzeko aukera izango da lehen aldiz. Informazio gehiago jasotzeko hurrengo helbidera idatzi: ezkionmartxan@gmail.com

Azkenik, EzkiON Martxan Kirol Klubak, lehen urtemuga betetzera doan honetan, lehen asanblada orokorra ospatuko du abenduaren 20an, arratsaldeko 18:30ean. Interesa duen edonork gonbidatuta dago, ahalik eta jende gehien elkartu eta klubari bultzada bat eman ahal izateko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos