Madalena jaiek gaur hartuko dute martxa Itsason

Pilota txapelketa eta herri afaria izango dira festak giro ederrean hasteko

MIRYAM GALILEA ITSASO.

Uda aurrera doa eta oporren azken txanpa iristen da askorentzat, urtero bezala, hauek amai-tzeko aukera ezin hobea eskain-tzen dutelarik itsasoarrek, gaur arratsaldean hasiko diren Madalena jaiekin hain zuzen, bost egunetan zehar ekintzez jositako egitaraua prestatu dutelarik, musika, lehiaketa, joku eta giro ederra sortuz.

Urtero bezala pilota express txapelketarekin martxa hartuko dute jaiek gaur arratsaldeko 18:00etan, eta ondoren Herri Afaria aurrera eramango da Elorza eta Iñaki Larrañaga trikitilariak eta Maialen Akizu eta Julio Soto bertsolariekin herriko plazan .

Bartolome Deuna

San Bartolome Eguna ospatuko da bihar Itsason, jaietako egun handia, eta horrela izanda egun osoan zehar adin guztientzako ekintzak aurrera eramango dira. Goizeko 11:00etan Meza Nagusia ospatuko da parrokian eta amaitzerakoan Itsasoko ondareari buruzko hitzaldia aurrera eramango da, oraingo honetan parrokian egiten ari diren erretaularen zaharberritzeari buruz azalpenak emango direlarik, Equipo7-ko Javier de Miguel zaharberritzailearen esku. Jarraian, toka lehiaketari ekingo diote.

Arratsaldeko 18:00etan martxa hartuko dute jaiek berriro haur jolasekin eta 19:30etan Eriz magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da plazan. Eguna amaitzeko Juan Carlos Irizar pianista eta Iñaki Revuelta abeslariaren kontzertua egongo da.

Ostiral arratsaldean ere giroa izango dugu Itsason, asteburuari hasiera emanez. Arratsaldeko 16:00etan Mus Txapelketan hasiko dira, eta 20:00etan zahagi ardoa eta sagardoa txotxetik hartzeko aukera egongo da ostatu parean; eguna amai-tzeko Guri5 taldearen kontzertua eskainiko da plazan.

Bost eguneko jaiak borobiltzeko asteburu polita antolatu dute itsasoarrek. Larunbatean Mendi Bizikleta trabesia herrigunetik abiatuko da, eta hau amaitzerakoan paella lehiaketa herrikoia izango dugu plazako karpan. Gauean 23:00etatik aurrera Imanol, Unai eta Kitto izango ditugu.

Herri kirolak amaitzeko

Azkenik, igande goizean ere mugimendua egongo da Itsason. Kanposantuan ospatuko da meza goizeko 11:00etan eta amaitzerakoan berriro ere Itsasoko ondareari buruzko hitzaldiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiak. Amaitzeko, herritarren eskutik herri kirolak izango ditugu.

Fotos

Vídeos